Sara Abad Cabok eta Asier Lizarraldek sari bana jaso dute Enpresari Gaztearen Sarien bigarren edizioan
Debabarreneko bi enpresarik aitortza bana jaso dute Ajebask Gipuzkoak antolatutako Enpresari Gaztearen Sarien bigarren edizioan. Sara Abad Cabok Rural Kutxa Belaunaldi Erreleboaren Aitorpena 2026 saria jaso du, Urkotronik enpresako gerente gisa egindako lanagatik. Asier Lizarralde Arrillagak, berriz, Ecoembes Enpresa Jasangarritasunaren Saria eskuratu du, Elgoibarko Lizagasar proiektuaren arduradun gisa.
Ajebask Gipuzkoak antolatutako sarien helburua Gipuzkoako enpresa-proiektuak eta ekintzaileak aitortzea eta ikusgarritasuna ematea da. Aurtengo edizioan enpresa-lidergoa, berrikuntza, jasangarritasuna eta belaunaldi-erreleboa saritu dituzte.
Sari-banaketa azaroaren 19an egin zuten, Donostiako GU San Sebastian aretoan. Guztira, 15 enpresak aurkeztu zituzten hautagaitzak, eta 70 lagun inguru bildu ziren ekitaldian.
Abad Cabok jasotako aitortzaren bidez, enpresen jarraipenean eta belaunaldi-erreleboan egindako lana nabarmendu dute. Urkotronik vending zerbitzuetan espezializatutako enpresa da.
Lizarralderen kasuan, berriz, Lizagasar proiektuaren jasangarritasuna saritu dute. Elgoibarko ekimenak bertako sagar-barietateak modu ekologikoan lantzen ditu, eta sagarretik eratorritako artisau-produktuak egiten ditu.
Lau sari banatu dituzte
Debabarreneko bi sarituez gain, beste bi aitortza ere banatu zituzten. Gipuzkoako Enpresari Gaztearen Saria Alain Vivas Martínez de Lahidalga ZERBIMEK enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusiari eman zioten. Arrasateko enpresa industria-mekanizazioan espezializatuta dago.
Eroski Berrikuntzaren Saria, azkenik, Unai Arambarri Yereguik jaso zuen, Neety startup teknologikoaren sortzaile eta zuzendari nagusiak. Enpresak adimen artifizialean oinarritutako irtenbideak garatzen ditu enpresen arteko salmentak eta merkataritza-prozesuak optimizatzeko.
