Gaizka Morales, dantzaria: "Dantzan egitea, hori da gehien gustatzen zaidana"
- Noiztik diharduzu dantzan? Nola animatu zinen?
Hamaika urte nituela, telebistan Fama dantza saioa ematen zuten eta, hura ikusita, nik ere dantzan egin nahi nuela pentsatu nuen. Amak Ipurua Dantza Garaikideko Nerea ezagutzen zuen eta, berarekin berba egin eta gero, klasera joaten hasi nintzen eta horretan dihardut oraindik ere, gustora. Hasieratik, zapatilak jantzi eta dantzan hasi nintzen momentutik argi ikusi nuen hori zela gehien gustatzen zitzaidana, hau da, dantzan egin nahi nuela.
- Taldekide gehienak neskak dira, zergatik animatzen zarete horren mutil gutxi dantzarako orduan?
Egia da oso mutil gutxi animatzen dela dantzarako, nirekin batera badaude beste gutxi batzuk, baina bolada batzuetan ni izan naiz taldeko mutil bakarra edo ia bakarra. Hala ere, taldean oso gustora nabil lehenengo egunetik eta mutil gehiago ez egoteak ez nau inoiz arduratu.
- Saririk ere jaso duzu, ezta?
Taldeko beste bi neskarekin batera, Ane Miren Barrero eta Marta Marinarekin 2010eko Bilbofit azokara joan ginen dantzara eta, hirukote modura saririk jaso ez bagenuen ere, nesketako bat eta ni dantzari onenaren sariarekin bueltatu ginen etxera, pozik.
- Zaila da dantza munduan aurrera egitea?
Bai, oso zaila da, baina niri aurrera egitea gustatuko litzaidake eta, ahal dudan bitartean behintzat, horretan saiatzeko asmoa daukat. Oraingoz, behintzat, ez daukat arazorik ikasketak eta dantza, biak batera egiteko.
- Aurreko asteburuan Durangon ikuskizun musikala estreinatu zenuten. Zer moduz joan zen?
Oso ondo irten zen dena eta jende asko joan zen ikustera, sarrera guztiak saldu zituzten. Ezustean jaso nuen bertan parte hartzeko deia, dantzarietako batek min hartu zuela-eta, lagun batek joango nintzen galdetu zidan Gabonetan eta nik berehala baietz erantzun nion, harrezgero batez ere asteburuetan ibili naiz ensaiatzen. Antzezlanak dantzaria izan nahi duen neska baten istorioa kontatzen du eta, tarteka, kontakizunari laguntzen dantza-koreografiak eskaintzen ditugu.