Gaur 19:00etan jaurtiko dute Amañako jaien hasierako txupinazoa
Aurreko barixakuan aurkeztu zituzten Amañako jaiak. Josean Alberdi Goma jaien antolatzaile nagusiak aurreratu zuenez, gaur arratsaldean, 19:00etan txupinazoa jaurtiko duen SD Eibar Fundazioko futbol egokituaren taldearekin batera, gauean egingo den “kontzertu itzelean” parte hartuko duten Lendakaris Muertos eta Modus Operandi taldeek, herri-bazkariak, umeen eta helduen danborradek, eta Puro Relajo eta Gora Herria taldeen emanaldiek hartuko dute pisu nagusia jaien 47. edizio honetan.
Gaurko egitaraua umeen danborradarekin hasiko da, 18:00etan: Egogain gerontologia zentroaren aurrean arituko dira haurrak, bertako aitxitxa-amamei hainbat pieza eskaintzeko. Handik ordubetera, 19:00etan, jai hasierako txupinazoa botako dute SD Fundazioaren Genuine taldekoek eta, jarraian, umeen danborrada egingo da, Ermuko Irulitxa txarangakoen laguntzarekin. Ondoren, 20:30ean, Eibarko Mugi Panderoa taldearen erromeriak dantzan jarriko ditu auzoko plazan bildutako guztiak. Afaltzeko aukera ere izango du jendeak, jai-batzordearen txosnan ogitarteko eta pintxo zerbitzua egongo baita. Gaueko kontzertuak 23:30ean hasiko dira: Lendakaris Muertos taldeak joko du lehenengo, eta ondoren hasiko da Modus Operandi taldekoen emanaldia.
Bihar goizetik hasiko dira ekitaldiak, 10:00etatik 14:30era egingo den Artisautza Azokarekin. Paella protagonista duen ohiko herri-bazkaria, helduen danborrada, Skapaie elektro-txarangak girotutako parrillada eta Gora Herria taldearen berbena ere bihar izango dira. Eta domekan egun osoan zehar jarraituko du jaiak. Eguna agurtzeko, Puro Relajo taldeak kontzertua emngo du, 19:15ean hasita. Egitarau osoa jarraian daukazue.
AMAÑAKO JAIAK 2025
- Uztailak 11, ostirala
18.00: Umeen danborrada. Pieza batzuk joko dituzte Ego Gain gerontologia zentroaren aurrean.
19.00: Jai hasierako txupinazoa, SD Eibar Fundazioko futbol egokituaren eskutik.
19.15: Umeen danborrada, Ermuko Irulixa txarangak lagunduta, Amañako plazan.
20.30/23.00: Erromeria, Mugi Panderoa Eibarko taldearekin.
23.30: Musika kontzertu itzela, Modus Operandi eta Lendakaris Muertos taldeekin, Amañako plazan.
OHARRA: Txosnan ogitarteko eta pintxo zerbitzua egongo da.
- Uztailak 12, larunbata
10.00/14.30: Artisautza Azoka, Amañako plazan.
14.30: Herri-bazkaria: paella. Plazan bazkaltzen ez duenari ez zaio edaririk zerbitzatuko.
18.45: Helduen danborradaren irteera, Irulitxa txarangak lagunduta, Amañako dorreetatik abiatuta.
20.30: Parrillada: saiheskia, txorizoa, oilasko-hegalak...
20.30/23.00: Skapaie elektro-txaranga, parrillada girotzeko.
23.15: Berbena, Gora Herria taldearekin.
- Uztailak 13, igandea
12.00: Txorizo-pintxoak, doan.
16.30: Gaztelu puzgarriak eta aparraren-jaia, jolasteko.
18.30: Txokolate-jana, gailetekin, umeentzat.
18.30: Txorizo-ogitartekoak salgai, euro batean.
19.15: Puro Relajo Euskal Herriko talde onenaren kontzertua
- Uztailak 18, ostirala
14.30: Jubilatuendako bazkaria, Unzaga Plaza hotelean.