Gaur egingo dira II. Javier Gorosabel Astronomia Topaketak Coliseo antzokian
Gaur, urtarrilak 30, egingo dira II. Javier Gorosabel Astronomia Topaketak, Coliseo antzokian, 18:30ean. Bertan banatuko da aurtengo Javier Gorosabel Saria, bere 4. edizioan: OMEGA Asturiasko Astronomia Elkarteak jasoko du, baina egitarauak askoz gauza gehiago eskaintzen ditu, zientzia eta kultura uztartuz, Gorosabel gogoratzeko.
Tekniker ikerketa zentroak aurkezpen labur bat egingo du Aztarna Sinoptikoak antzemateko Teleskopio Handiaren garapenean egiten ari diren lanari buruz; Iñaki Ordoñez Iruñeako Planetarioko zuzendariak parte hartuko du; eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariak Mikel Laboaren Izarren hautsa interpretatuko du. Gainera, Calar Altoko teleskopioarekin konexioa egingo da eta, eguraldiak laguntzen badu, eguzki-sistemako planeta batzuk, galaxiak, nebulosak… ikusi ahalko dira, zuzenean.