Izar batzuek ez dute bere distira galtzen
“Zer lortuko zuen hain gazte joan ez balitz”, galdetzen dio bere buruari Ana Guijarro Roman astrofisikariak. Javier Gorosabel Urkiari buruz dabil, Calar Altoko astronomia-behatokian lankide izan zuen eibartarri buruz. Galdera horrek ez du erantzun jakinik, baina jakina da zientzialari eibartarrak laga duen itzala nabarmena izan dela, bere distiraren mailakoa.
Gamma izpien eztanda kosmikoen arloa (ingelesez gamma-ray burst edota GRB) izan zen Javier Gorosabelen ikerketa-ardatz nagusia. 200 zientzia-artikulutik gora idatzi zituen eta bere ikerketek 7.000 aitormen baino gehiago izan dituzte. “GRB-en inguruan mundu mailako erreferentea da Javi”, esan digu telefonoaren beste aldetik Ana Guijarrok, baina Javier Gorosabel, Javi edo Firi (horrela esaten zioten lagunek), askoz ere gehiago da bere iritziz: “GRB-en inguruan egindako ikerketak hobetu zituen. Bere lanen kalitateak, behaketari eta analisiari dagokionez batez ere, lehen mailako zientzialaria izatera eraman zuten. Gainera, nazioarte mailan kolaborazio garrantzitsuak egin zituen. Munduko edozein tokitan GRB aipatzen baduzu, Gorosabel datorkigu gogora”.
Guijarro Gorosabelen lankide izan zen Calar Alton (Almeria), baino lehenago ezagutu zuten elkar. Granadako Unibertsitatean Fisika ikasketak egin ondoren, andaluziarrak Astrofisikako doktoretza egin zuen bertan eta han egin zuen topo eibartarrarekin. “Astrofisika Institutuan ari zen Alberto Castro Tiradorekin tesia egiten. Orduan, harreman pixka bat izan genuen, baina 2001ean Calar Altoko behatokian lanean hasi nintzenean hasi zen gure benetako harremana”, kontatu digu Guijarrok.
Eibarko enbaxadorea
Guijarro eta Gorosabel lanak batu zituen arren, berehala sortu zen harreman adeitsuagoa euren artean. “Javier hain zen pertsona lagunkoia... Inork ez du gaizki berba egingo bere inguruan”, diosku andaluziarrak. “Ez dakizue ondo zer zenuten Eibarren!”.
Gorosabelek bazekien eibartarra izatea zer zen eta Eibarko aldarria harro zeraman edonora zoala ere (Amsterdameko Unibertsitatean doktoratu ostekoa egin zuen, Kopenhageko Espazioko Ikerketen Institutuan egon zen eta baita Baltimoreko Hubble Espazio-Teleskopioaren Zientzia Institutuan ere, besteak beste). “Eibarri buruz dena nekien berak kontatzen zuenagatik”, gogoratzen du umorez Guijarrok, “beti zegoen Eibarri buruz berbetan: futbol taldea, bizikletak, mendiak... Euskarazko berba batzuk ere irakatsi zizkidan!”.
Familiarekin ere oso harreman estua zuela dio Guijarrok: “Behin amarekin eta arrebarekin etorri zen behaketak egitera. Amaz maitemindu nintzen, oso goxoa zen”.
Itzal handia
Gauzak horrela, Guijarroren ustez oso garrantzitsua da hilaren 30ean egingo den astronomia-topaketaren bitartez Javier Gorosabeli egingo zaion omenaldia, baina ez da bera gogoratzeko antolatu den ekintza bakarra. Izan ere, 1990 KB1 asteroideari Javiergorosabel izena jarri zioten, BOOTES teleskopioen sare globalaren bosgarren teleskopioa Javier Gorosabel Telescope (JGT) izendatu zuten eta Girgillaoko (Nafarroa) behategian hilarri bat jarri zuten bere omenez 2015eko apirilaren 21ean.
Astronomiako profesionalak eta zaleak batzen dituen Espainiako Astronomia Elkartearen PROAM komisioak, bere aldetik, Javier Gorosabel Saria jarri zuen martxan orain dela urte batzuk. Lehiaketa horren helburua astronomiako profesionalen eta amateurren arteko lankidetzaren bikaintasuna saritzea da, eta Gorosabelen izena darama lan handia egin zuelako zientziaren dibulgazioan eta astronomia zaleen ekarpenak jasotzen eta bultzatzen.
Zientzialari eibartarrak datuak hartzen eta behaketa lanak egiten jarduten zuen, baina bere jakinmina eta pasioa haratago zihoan, eta pasio hori astronomia zaleei ere igorri zien. “GRB-ak nondik datozen jakitea nahi zuenez (oraindik ere ez dakigu zehazki nondik datozen) eta datuak falta zirenez, instrumentazioa garatzen hasi zen eta amateurrei irakasten”, azaldu digu astrofisikariak.
Guijarroren berbetan, oso garrantzitsua da astronomia zaleek egiten duten lana. Gaur egun, zaleen kopu rua profesionalena baino handiagoa da eta bien arteko elkarlanetik gauza asko lortu daitezkela argitu digu. Hain zuzen ere, horretarako sortu zuten PROAM komisioa, profesionalen eta amateurren artean zubi lana egiteko.
Zientzia eta kultura topaketa
Aurtengo Javier Gorosabel Saria, bere 4. edizioan, Eibarren egingo den topaketan banatuko da eta OMEGA Asturiasko Astronomia Elkarteak jasoko du, baina urtarrilaren 30eko egitarauak askoz gauza gehiago eskaintzen ditu, zientzia eta kultura uztartuz Gorosabel gogoratzeko.
Ekitaldia Coliseo antzokian egingo da 18:30etik aurrera. Bertan, Tekniker ikerketa zentroak aurkezpen labur bat egingo du Aztarna Sinoptikoak antzemateko Teleskopio Handiaren garapenean egiten ari diren lanari buruz; Iñaki Ordoñez Iruñeako Planetarioko zuzendariak parte hartuko du; eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikariak Mikel Laboaren ‘Izarren hautsa’ abestia interpretatuko du.
Gainera, Calar Altoko teleskopioarekin konexioa egingo da eta Guijarro egongo da bestaldean. “Tamalez, ezingo naiz Eibarren egon”, diosku. Eguraldiak laguntzen badu, honakoa ikusi ahal izango dugu: “Eguzki-sistemako planeta batzuk, galaxiak, nebulosak... Eta horren inguruko azalpenak emango ditugu”.