Gaur hasiko da Martxoaren 8ko programazioa, Miren Arangurenek Andretxean emango duen hitzaldiarekin
"Zaintza sistema publiko komunitarioa. Hausnarketa feminista batzuk" goiburuarekin hasiko da gaur arratsaldean Martxoak 8ko Lantaldeak antolatu duen egitaraua. Hizlaria Miren Aranguren Etxarte izango da da. MIren Emagin Elkarteko kide da hastapenetatik. Askotariko lanetan jardun duen arren, azken urteotan bereziki zaintzaileen egoeraren gainean ikertzen dihardu, tokiko politika publikoak aldatzeko eskuhartzeak sustatzeko. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide ere bada. Hitzaldia Andretxean izango da, 18:00etatik aurrera, eta haurrentzako zaintza zerbitzua egongo da.
‘Bizitza duinak guztiontzat eta edonon’
Aurtengo goiburua ‘Bizitza duinak guztiontzat eta edonon’ izango da. “Gaur egun gure gizartean nagusi den bizi-ereduak balioan jartzen ditu balore indibidualista, hiperazkarra, kontsumista, atzerakoia eta zaurgarritasunaren kontrakoak, albo batera utziz heziketa edota irakaspen emozional, sexual eta bizitzarekiko jasangarriak direnak”, diotenez. “Bizi eredu hegemoniko hori biolentoa da eta ertzetan kokatzen diren sektoreak modu sistematiko batez erasotzen ditu; besteak beste, pertsona migratu eta arrazializatuak, gorputz ez-normatiboak, emakumeak eta sexu-genero disidenteak”.
Sistema horren aurrean, Martxoaren 8ko lantaldeak bizitza duinak sostengatuko dituen eredua aldarrikatzen du, “ekuazio horretan osasun integrala (baita osasun mentala ere), hezkuntza (publikoa eta kalitatezkoa), sexu- eta genero-aniztasunaren normalizazioa; enpleguaren baldintza justuak, zaintza-lanen eta pentsioen banaketa; indarkeria sexistarik gabeko bizitzak, pertsona guztientzako trantsizio ekosozial jasangarria, etabar kontuan izanik”.