Gaur hasiko da Tripontziak ekimena, menu bereziekin eta bisita gidatuekin

Gaur hasiko da Tripontziak ekimena, menu bereziekin eta bisita gidatuekin
2023/11/03 10:00
eta kitto!
Tripontziak egitasmoak 10 urte beteko ditu aurten eta, data berezia ospatzeko, hasiera berezia eman zioten Errebal Plazan egindako dastaketarekin. Orain, gaurtik aurrera eta hilaren 26ra arte, eskualdeko hainbat jatetxetan menu bereziez gozatzeko aukera egongo da, hau da, Tripontziak menuez. Horrela, 35 euro ordainduta, bertako eta sasoiko produktuez egindako jakiak dastatu ahal izango ditugu Debabarreneko sukaldari trebeen eskutik. Baina hori ez da Tripontziaken barruan egingo den ekintza bakarra.

 

Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak jarri zuten martxan Tripontziak ekimena orain dela 10 urte. “Eskualdeko jatetxeak balioan jarri nahi genituen”, esan digu Aitziber Cortazar Debegesako Turismo saileko arduradunak. Gainera, zenbait behar asetu nahi zituzten. “Orain ez hainbeste, baina lehen azaroa hilabete eskasa izaten zen jatetxeentzat”, eta horregatik erabaki zuten Tripontziak azaroan egitea. Gainera, turismoaren aldetik posizionatzeko balio izatea espero zuten.

Tripontziak egitasmoak 10 urte betetzen dituen honetan, harrera ona izan duela esan daiteke (iaz 2.500 menu inguru eman zituzten jatetxeek) eta urteroko egitarauan ondo egonkortuta dagoen ekimena da. Are gehiago, azken bi urteetan beste dimentsio bat hartu du, eskualdeko hainbat tokitara egiten diren bisita gidatuekin. “Debabarrenean dugun eskaintza ezagutzera emateko antolatzen ditugu bisita gidatuak. Hau da, urtean zehar egin daitezkeen ekintzak dira, ez zerbait artifiziala Tripontziaken barruan bakarrik sartzeko”, Cortazarren berbetan.

 

Bisita gidatuak

Guztira, bederatzi bisita gidatu eskainiko dituzte bihartik hasita. Ordena kronologikoari jarraituz, lehen bisita Chocolates de Mendaro fabrikara egingo da, bihar, 11:00etan. Bisitariek ia 200 urte inguru dituen fabrika ezagutu ahal izango dute, baina dagoeneko ez dago plaza librerik, bete egin delako.

Biharko beste bisita Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutura egingo da. “Hau bai da bisita berezia, ez baita normalean egiten den gauza bat”, Cortazarrek dionez. Bertan, sukaldaritza ikasleen sorkuntzak dastatu ahal izango dira. “Eurak dira eskualdeko gastronomiaren etorkizuna, eta aukera ederra da bertan egiten dutena ezagutzeko”, gehitu du. Oraindik izena eman daiteke (eskuineko irudian azaltzen da izena nola eman), beraz, 12:00etatik 14:00etara jaki gozoez gozatzeko aukera izango duzue.

Eguenean, hilaren 9an, Mutrikuko Arrietakua Jauregia bisitatzeko aukera egongo da. “Normalean, asteburuetako ekintzek oso ondo funtzionatzen dute, baina asteko egunetan zerbait antolatu nahi izan dugu eta horregatik prestatu ditugu ekintza batzuk eguenetan”, azaldu digu Cortazarrek. Arrietakua Jauregia XVIII. mendekoa da eta Euskal Kostaldearen itsas historian murgiltzeko aukera ematen du.

Azaroaren 11n bi bisita egongo dira. Bata, 11:00etatik 12:30era, Mutrikuko Goienetxe Gaztandegira. Bertan, artzai gaztaren sekretuak ezagutu ahal izango dira artaldea bisitatu, gazta nola egiten den ezagutu eta dastaketa txiki bat eginez. Bigarren bisita ere Mutrikun egingo da, baina Merkatu Txikian. Izan ere, 12:00etatik 14:00etara, Lumagorri oilasko eta txokolate-dastaketa egingo da.

Hilaren 16an, eguena, Eibarko Armagintzaren Museoa bisitatzeko aukera emango dute 12:00etatik 13:15era. “Toki zoragarria da eta jende askok ez du ezagutzen”, diosku Cortazarrek.

Azaroaren 18ko ekintzan parte hartu nahi izanez gero, azkar ibili, plaza gutxi geratzen baitira. Izan ere, 11:00etatik 12:30era Lasturren egingo den talo-tailerra egiteko gogotsu dago jendea.

Eguenetako azken ekintza hilaren 23an egingo da, Debako Santa Maria eliza ezagutzeko. Bisita 12:00etatik 13:30era egingo da eta Debako alde zaharraren erdi-erdian dagoen gotikoko altxorra ezagutu ahal izango da. Bisita horretan, eliz atari polikromatu bikaina eta Gipuzkoako klaustro zaharrena ikusiko dituzte parte-hartzaileek.

Azken bisita azaroaren 26an egingo da Lizagasar Sagartokira, 11:30etik 13:00etara. Sagarrak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko balioko du eta, horretarako, sagastian eta upeltegian barneratuko dira. Ondoren, Lizagasarren produktuak dastatzeko aukera egongo da.

bisitaktripontziak