Gaur zabalduko dute “Eibarko iragana iruditan” erakusketa Untzaga gizarte zentroan
Ermua, Elgoibar eta Eibarko hemezortzi ikaslek osatzen dute kurtsoa amaitu berri duen Debabarreneko Esperientzia Eskolako 21. promozioa, eta barixakuko klasusura ekitaldian jaso zituzten diplomak. Marian Malaxetxebarria Ikasten elkarteko partaideak aurkeztu zuen ekitaldian Jon Iraola Eibarko alkateak, Merche Arriola Ikasten elkarteko presidenteak eta 21. promozioko hiru ikaslek, Ana Garate, Arantza Quintano eta Aitor Amuategik hartu zuten parte, eta azken hauek azaldu zuten kurtso honetan landu duten proiektu soziala, Eibarko iragana iruditan izenekoa: “Ikasturte honetako proiektua erakusketa bat da, eta bertan Eibarko txoko esanguratsuak erakutsiko ditugu, begirada bikoitz batetik abiatuta: Angel Guenaga artista eibartarraren artelanak, iraganeko irudiekin konbinatuta. Guenagaren 12 lan aukeratu ditugu, eta bakoitzaren ondoan kokapen bera erakusten duen antzinako argazki bat erakutsiko dugu. Horrela, Eibarren eraldaketa nabarmenduko dugu, eta gure herriko arte piktorikoari eta ondare fotografikoari balioa emango diegu”.
Eibarko iragana iruditan. Angel Guenaga margolariaren begirada, antziñako argazkiekin jolasean izenburupean, gaur (barixakua, hilak 29) zabalduko dute erakusketa, Untzaga gizarte zentroko Jose Airas aretoan, eta bertan egongo da ikusgai astebetez, ekainaren 5era arte. Astelehenetik barixakura bitartean 19:30etik 21:00etara bisitatu ahalko da eta asteburuan, berriz, eguerdian zabalduko dute bakarrik, 12:00etatik 14:00etara. Ikasleen berbetan, “gurea proiektu iragankorra da, baina ziur gaude arrasto sakona lagako duela gutako guztiongan, eta erakusketa bisitatzen duten guztien oroimenean ere luzaro irautea espero dugu”.
Erakusketa prestatzeko, Angel Guenaga artista eibartarraren hainbat margolan aukeratu dituzte. Koadro guztiak 2005. urtean margotutakoak dira, eta guztiontzat oso ezagunak diren Eibarko kaleak eta tokiak erakusten dituzte: “Margotu zitueneko bere begirada, hau da, artistak Eibar nola ikusten zuen islatzen dute koadroek”. Koadro bakoitzaren aldamenean, toki bera erakusten duen antzinako argazkia egongo da ikusgai, “horrela, biak alderatuta, urteekin gure herriak izan duen bilakaera, nola aldatu den ikusteko”. Esperientzia Eskolako ikasleek eskerrak eman nahi dizkiote Angel Guenagari, baita bere familiari ere, koadroak lagatzeagatik, eta Eibarko Udal Artxiboari eta bertako arduradunari, argazkiak erakutsi ahal izateko laguntzarengatik.
Erakusketa ilusio handiarekin prestatzeko lanean aritu dira eta, diotenez, Guenagaren lanak herritarren artean ezagutzera ematea da helburuetako bat. Horrekin batera, erakusketa dagoen aretoa “gure iraganarekin bat egiteko toki goxoa” izatea gustatuko litzaieke eta, horregatik, herritar guztiak bertara gonbidatu nahi dituzte.

