Debabarreneko Esperientzia Eskolako 21. promozioak ederki ospatu du ikasturte amaiera

Barixakuan, maiatzaren 22an esan zioten agur ikasturteari Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasleek, Portalea kultur etxeko areto nagusian ospatutako ekitaldian.
Debabarreneko Esperientzia Eskolako 21. promozioak ederki ospatu du ikasturte amaiera
2026/05/25 12:21
Silbia Hernandez Arrazola

Ermua, Elgoibar eta Eibarko hemezortzi ikaslek osatzen dute kurtsoa amaitu berri duen Debabarreneko Esperientzia Eskolako 21. promozioa, eta barixakuko klasusura ekitaldian jaso zituzten diplomak.
Marian Malaxetxebarria Ikasten elkarteko partaideak aurkeztuko zuen ekitaldian Jon Iraola Eibarko alkateak, Merche Arriola Ikasten elkarteko presidenteak eta 21. promozioko hiru ikaslek, Ana Garate, Arantza Quintano eta Aitor Amuategik hartu zuten parte, eta azken hauek azaldu zuten kurtso honetan landu duten proiektu soziala, Eibarko iragana iruditan izenekoa: “Ikasturte honetako proiektua erakusketa bat da, eta bertan Eibarko txoko esanguratsuak erakutsiko ditugu, begirada bikoitz batetik abiatuta: Angel Guenaga artista eibartarraren artelanak, iraganeko irudiekin konbinatuta. Guenagaren 12 lan aukeratu ditugu, eta bakoitzaren ondoan kokapen bera erakusten duen antzinako argazki bat erakutsiko dugu. Horrela, Eibarren eraldaketa nabarmenduko dugu, eta gure herriko arte piktorikoari eta ondare fotografikoari balioa emango diegu”.
Horrela, Eibarko iragana iruditan. Angel Guenaga margolariaren begirada, antziñako argazkiekin jolasean izenburupean, barixaku honetan (maiatzak 29) zabalduko dute erakusketa, Untzaga gizarte zentroko Airas aretoan, eta bertan egongo da ikusgai, ekainaren 5era arte.