Egun bakarrera murriztu dute Eibarko Gizarte Zerbitzuetan lehen hitzordua lortzeko itxaronaldia

Lehen hitzordua lortzeko hilabete eta erdi inguru itxaron behar zen; azken urtean zerbitzua berrantolatu dute, arreta azkarrago emateko.
Egun bakarrera murriztu dute Eibarko Gizarte Zerbitzuetan lehen hitzordua lortzeko itxaronaldia
2026/11/12 12:06
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Gizarte Zerbitzuetan lehen hitzordua lortzeko itxaronaldia hilabete eta erdi ingurukoa izatetik egun bakarrekoa izatera igaro da, Udalak jakinarazi duenez. Azken urtean zerbitzua berrantolatu dute, herritarrei azkarrago erantzuteko. Udalaren arabera, besteak beste, Harrerako Gizarte Langilearen figura txertatu, hitzorduak antolatzeko modua aldatu, lan-prozedurak berrikusi eta langileen zereginak birbanatu dituzte.

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu duenez, aldaketa horiei esker herritarrei arreta azkarrago eman diezaiekete, zerbitzuaren kalitateari eutsita. Haren esanetan, garrantzitsua da laguntza edo orientazioa behar duten pertsonei lehen unetik erantzutea, haien egoerak okertu ez daitezen.

Jon Iraola alkateak, berriz, langileen lana eta inplikazioa nabarmendu ditu. Udalaren arabera, lehen hitzordua azkarrago eskaintzeak herritarren beharrak lehenago ezagutzea eta kasu bakoitzean behar diren baliabideak martxan jartzea ahalbidetzen du.