Odisea, jokoaren paradisua
Odisea elkarteak ibilbide azpimarragarria egin du bere egoitza propioa finkatzeko bidean. Hasierako garaietan Portalean elkartzen ziren, leku finkorik gabe beren zaletasuna partekatzeko. 2017an Barrena kalekoko lokal bat hartu zuten, baina gune hura garaje baten antzekoa zen gehiago. Dena dela, ia hamar urte egin zituzten han, Bittor Sarasketan gaur egun duten lokala hartu arte. Aldaketak erabat eraldatu du elkartearen bizitza. “Lokala erosoa, argitsua eta atsegina da”, Mikel Feijoo Odisea elkarteko presidentearen eta Ander De los Mozos zuzendaritzako kideen berbetan.
Horrez gain, Bittor Sarasketako kokapenak abantaila estrategiko handia du: tren geltokia oso gertu dago. Ezaugarri hori funtsezkoa da, Odisea ez delako soilik Eibarko jendearentzat mugatzen. Talde barruan Debako, Mendaroko, Zarauzko eta Ermuko kideak biltzen dira astero, eta garraio publikoak bidea errazten die kanpotik datozenei.
Nabarmentzekoa da, gainera, egoitza berria egokitzeko lan guztia bazkideen esku gelditu dela, inor kontratatu gabe. Hori bai, lekualdatzean jende askok lagundu zuela esan digute Odiseakoek.
Gaur egun 30 bazkide baino gehiago dira Odisean, eta beste bi kide berri sartzeko bidean daude, elkartearen osasuna eta hazkundea agerian utziz. “Nire iritziz, pixka bat gehiago ere izan ginteke”, diosku Anderrek, baina biak pozik agertzen dira gaur egungo kopuruarekin.
Bera ere modu bitxian heldu zen elkartera: “Bi urte neramatzan jendearekin jolasteko leku baten bila eta ez zitzaidan bururatu Eibarren bilatzea, Eibakoa izanda! Toki ezberdinetan bila ibili nintzen: Donostian, Bilbon, Logroñon... Egun batean, La Sallen egin zen ekitaldi batean, norbaitek esan zidan arratsalde hartan joko ekitaldi bat zegoela Errebalen, urtero egiten zena, eta nik ez nekien ezer. Orduan, hara joan nintzen eta Odisea deskubritu nuen. Horixe zen bila nenbilena”.
Odiseak profil oso ezberdineko pertsonak elkartzeko balio du, mahai-jokoen zaletasun komuna zubitzat hartuta. Etorkizunera begira, umeentzako jarduera zehatzak antolatu nahi dituzte joko zaharrak zein egokitutakoak berreskuratzeko, belaunaldien arteko lotura sendotzen jarraitzeko asmoz. Ander eta Mikel, adibidez, seme-alabekin joaten dira batzuetan. Bestalde, neskei dagokienez, bi bazkide besterik ez dituztela esan digute eta kopurua handitzea da euren helburua. Dena dela, herrian egiten dituzten zenbait ekimenetan emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa izaten dela esan digute.
Elkartearen funtzionamendua
Elkartearen barne funtzionamendua elkarrekiko konfiantzan oinarritzen da. Bazkide guztiek daukate giltza eta nahi duten unean sartu daitezke. Dena den, mugimendu handieneko egunak barixaku arratsaldeak eta zapatuak izaten dira. Barixaku batzuetan mahai guztiak betetzen diren arren, beti egiten dute tokia datorren edonork jolasteko aukera izan dezan. Komunikazioa bideratzeko WhatsApp-en sortu duten komunitatea erabiltzen dute, Warhammer, rol-joko, mahai-joko eta bestelako azpitaldeekin.
Odisearen ezaugarri azpimarragarrienetako bat mailegu-sistema da. Elkarteak mahai-jokoen eta rol-liburuen ludoteka zabala dauka. Liburutegi publikoen antzera, bazkideek jokoak etxera eraman ditzakete familiekin probatzeko. Jokoetan lehiakortasun osasuntsua egon daitekeen arren, giroa oso harmoniatsua da.
Pantailei aurre egin eta euskara sustatu
Gaur egun pantailak orokortuta dauden arren, mahai-jokoek loraldia bizi dute. Anderrek honakoa diosku: “Bi alaba ditut, pantailen mundutik pixka bat atera nahi ditut eta mundu honek asko aberasten duela iruditzen zait; ez bakarrik jolas mailan, baita garapen interaktual eta pertsonalean ere. Pertsonen arteko harremanetarako askoz hobea iruditzen zait sare sozialak, interneteko jokoak eta bestelakoak baino”.
Beste alde batetik, Mikelek azaltzen du nola elkartearen ordezkaritza hartzeak bere bizitzan urrats garrantzitsuak egitera behartu duen. Jendaurrean hitz egiteak hasieran zalantzak eragiten zizkion arren, ariketa bikaina izan da beldurra gainditzeko. Gainera, bere euskara maila nabarmen hobetu dela azpimarratzen du. “Gaur egun, Udalarekin, kazetariekin eta ekitaldietan beti euskaraz hitz egiten saiatzen naiz”, diosku. Beraz, elkartea hizkuntzaren sustatzaile aktibo bihurtu da.
Lokaletik jendaurrera
Odisearen jarduera ez da egoitzara mugatzen; herritarren gozamenera bideratutako ekitaldi publiko ugari antolatzen dituzte urte osoan zehar. Urteko hitzordu nagusia urriko 'Ulisesen Jokoak' dira, Errebal Plazan. Azken ekitaldian 380 txartel banatu zituzten bertaratutakoen datuak neurtzeko eta zozketak egiteko. Alabaina, jende asko txartelik hartu ez zuela kontuan izanda, parte-hartzaile kopurua 400 lagunetik gorakoa izan zela kalkulatzen dute, ikusleak zenbatu barik. Parte-hartze hori urtetik urtera hazten ari da, eta ahoz ahoko gomendioek bikain funtzionatzen dutela esan digute.
Ulisesen Jokoez gain, egutegia jardueraz beteta dago. Otsailean lehenengo ludoteka irekia egiten dute Errebalen; bigarrena Letras Galegas jaietan; eta hirugarrena sanjuanetan (Infinity txapelketarekin. Urteari amaiera emateko, azken ludoteka San Andres inguruan antolatzen dute. Aurten, ordea, hauteskundeak direla eta, Errebal Plaza ezingo da erabili azaroaren 28an, eta azken ludoteka abenduaren 19ra atzeratu dute, Errebaleko lehen solairuan egiteko. Parte-hartzea erabat irekia da, eta gehienak familiak zein nerabe kuadrillak izaten dira.
Warhammerren gorakada
Odisearen ekintzek Euskal Herriko zein inguruko lurralde askotako zaleak erakartzen dituzte. Blood Bowl txapelketan Kantabriatik etorritako jokalari ugarik hartu zuten parte. Halaber, Warhammer txapelketa jendetsuek Bermeo, Bilbo, Barakaldo, Donostia eta Lekeitioko estrategak biltzen dituzte Errebalen. Odiseako kideen artean maila handia dagoela esan digute, Blood Bowl nahiz Warhammer jokoetan txapelketak irabazi dituzten bazkideak baitituzte.
Azken urte hauetan Warhammer miniaturen jokoak ospe handia lortu du. Alde batetik, jokoa garatu duen enpresak txapelketa gehiago bultzatu dituelako; eta bestetik, Henry Cavill aktore ospetsuak unibertso honi buruzko telesail bat garatzeko proiektua abiarazi duelako. Aktorea bera jokalaria izateak oihartzun handia ematen dio zaletasunari.