Gaztañerre eta Magosto jaia ospatuko ditugu egun hauetan
Eibarko AEK euskaltegiak 1987-88 ikasturtean berreskuratu zuen Gaztañerre ospatzeko ohitura. “Plaentxian eta Ermuan ospatzen zela bagenekien eta, hemengo ohitura izanik, berreskuratzea merezi zuela pentsatu genuen”, esan digu AEK-ko Iker Amuategi Basauri ‘Txisto’-k. “Elkarte gastronomiko batzuetan ospatzen zen eta jendea orain baino gehiago irteten zen, baina galzorian egon zitekeen festa zela ikusten genuen”.
Gaztañerre ospatzeko eguna zein den jakiteko ikerketa egin zuten AEK-koek, eta Juan San Martinen ‘Gogoz’ liburuan eta irakasle adituen oroitzapenetan (Kontxa eta Itziar Laspiur, adibidez) aurkitu zuten erantzuna: “Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen zela”. Zera gehitzen du Txistok: “Hasieran jai paganoa zen, udazkeneko eta neguko jaien arteko konexioa, eta gaztainak ziren tarteko, ondra janak ziren hildakoen omenez”.
Istorio hori AEK-ko ikasleei transmititzen hasi ziren eta, tradizioa hedatzeaz gain, klaseetan Gaztañerreren inguruko unitate didaktikoa lantzen dute. “Kurtso hasiera izanik, ikasle askorentzat lehen aukera izaten da mintzapraktikarako”, diosku AEK-ko irakasleak.
Hori bai, ospakizuna izanik, festa ere antolatzen dute Gaztañerreren inguruan. “Lehenengo urteetan udaletxeko arkupeetan ospatzen genuen”, gogoratzen du Txistok. Afari autogestionatuak egiten zituzten, bakoitzak berea eramaten zuen, baina batzuetan azaroan eguraldiak ez du asko laguntzen eta, “dantza, kantua eta jana egon arren, txamarrarekin egon behar ginen”, diosku Txistok.
Udaletxetik Orbea frontoira pasa zuten Gaztañerreko afaria, baina hainbat urteren ondoren frontoia bota egin zuten. Beraz, Armeria Eskolara mugitu zuten ospakizuna. “Hango patioan egiten genuen, baina urteekin giroa hozten joan zen, parte-hartzaile kopurua ere jaitsi egin zelako”, diosku AEK-koak. Gauzak horrela, egoera horri buelta emateko asmoz, afari formatua albo batera laga eta kalejira egitea erabaki zuten, jaia herriko auzoetara zabaltzeko asmoz.
Aurten, adibidez, Amañara joko dute 19:00etan Paloma tabernan elkartu eta Ipurua zeharkatu ondoren, Musika Eskolako trikitilariek lagunduta euskal kantak abestuz. “50-60 lagun inguru elkartzen gara urtero eta aurten ere horrela izatea espero dugu. Egia da AEK-ko ikasleentzako plana izaten dela, baina gonbidapena irekia da eta edozein euskalzale edo kantuzale etorri daiteke gurekin”, azaldu digu AEK-ko Jone Olaizolak.
Amañan, Amesti tabernan merienda egingo dute, 20:00ak inguruan. “Tradizioari eusteko, egunak eskatzen duen bezala, gaztainak jango ditugu”, diosku Olaizolak, “baina beste mokadutxo batzuk ere emango ditugu”.
Lehen aldia izango da Gaztañerreko kalejira Amañara joaten dena, baina ez da aurtengo berrikuntza bakarra izango. “Errigoraren kanpainaren sasoia da eta bere produktuak zozketatuko ditugu”, azaldu digu Olaizolak.
Magosto jaia bihar
Gaztañerreren parekoa den Festa do Magosto ospatzen da Galizian, eta baita hemen ere, As Burgas Galiziako Etxeak urteetan eutsi baitio tradizio horri Eibarren. “Uste dut Galiziako Etxea sortu zenetik ospatzen direla magostoak Eibarren, eta Galiziako Etxea 1984. urtean sortu zen. Orduan ni ez nengoen hemen eta ezin dut ziur esan, baina horrela dela uste dut”, diosku As Burgas etxeko Marisol Colmenerok. “Harrezkero, jende ugari elkartzen da festa ospatzeko. Denoi gustatzen zaigu ospakizunak egitea!”.
Bihar ospatuko dituzte magostoak, 18:30etik 22:00era, jatekorik eta musikarik faltako ez den egitarauarekin. “Gaztaina erreak, txorizo pintxoak, lakoia eta enpanada salduko ditugu, eta Ribeiro ardoa eta garagardoa ere ez da faltako”, diosku Colmenerok. Hori guztia musikaz jantziko dute, Os Galaicos gaita-taldeak girotuko baitu Magosto jaia.
Gasteizetik gaztainak saltzera
Gaztañerren, nola ez, gaztainak dira protagonista. Azken asteotan kaleak gaztaina erreen usainarekin lurrindu dira eta Pedro Ruiz Gutierrezen tren itxurako salmenta postuan etengabe gelditzen dira gaztaina erre berriak dastatu nahi duten eibartarrak.
Martitzena da eta 20 gradu inguru egiten ditu, hau da, Pedrorentzat salmentarako egunik txarrena da eta negua gerturatzen baino udara hurbiltzen ari dela dirudien sasoia bizi dugu, baina bere trenetik darion keak jendea erakartzen du berdin-berdin. “Gaur eman dozena pare bat, atzo dozena batek bi minutu iraun zizkidan eta”, esaten dio erosle batek.
Gasteizkoa da Pedro eta urriaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera arte egunero etortzen da Eibarrera gaztainak saltzera. 22 urte egin ditu horrela, sei gaur egun Toribio Etxebarria kalean duen postuan, eta oso aurpegi ezaguna da eibartarrontzat.
Azken bi hamarkadetan Eibarren eta oro har gizartean egon diren aldaketen lekuko izan da Pedro, eta horrek bere negozioari eragin diola azaldu digu: “Ohiturak asko aldatu dira. Lehen, adibidez, txikitero taldeak ikusten zenituen egunero eta gaur egun oso gutxi dira. Umeek ere gero eta gaztaina gutxiago jaten dituzte, nahiago dituzte bestelako litxarrikeriak”. Beretzat, pandemia mugarri izan zen gure ohituretan. “Harrezkero, asko jaitsi da kalean dabilen jende kopurua, erosteko ohiturak… salmentetan igarri dut”, diosku.
Kalitate goreneko gaztainak eskaini nahi ditu Pedrok eta arreta handia jartzen die erretze-prozesuan. “Gaztainak Galiziatik ekartzen ditut. Batzuek toki bateko eta besteko gaztainak nahasten dituzte eta igarri egiten da. Duten urarekin ere kontua eduki behar da. Jendeari gaztainak erraz zuritzea gustatzen zaio eta horretarako berebizikoa da kalitatezkoak izatea”, azaldu digu. “Aurtengoak oso onak daude”, berresten du.
Barraskiloak egiten maisuak
Tabernaren izenak iradokitzen duen bezala, etxeko usaina nabaritzen da Etxegiñako sukaldean. Bittor Sarasketa kalean dagoen tabernako sukaldean sartu bezain laster barraskiloz beteriko buztinezko kazola ikusi dugu, eta alboan bandeja bat gaztaina. Barraskiloak enkarguz egiten dituzte eta eskaera asko jaso dituzte egun hauetarako. Lan eskerga dute aurretik Ameliak eta Montxok, maitasun handiz egiten duten lana.
Lagun batzuen eskariz hasi ziren barraskiloak prestatzen. “Tabernara etortzen zen kuadrilla batek barraskiloak egitera animatuko nintzen galdetu zidan. Ordura arte ez nuen inoiz barraskilorik egin, ez nekien egiten, baina baietz erantzun nien, noski”, gogoratzen du barrez Montxok.
Ordagoa hartu eta barraskiloak prestatzen ikasi zuen Montxok. “Garrantzitsuena barraskiloak ondo garbitzea da. Gero, saltsa norberaren gustora egiten da. Nik ez ditut osagaien neurriak apuntatzen, probatzen joaten naiz eta horrela egiten dut”, azaldu digu.
Ondo egiten omen ditu, barraskiloekin duen abilezia ahoz aho zabaldu baita gaur egunera arte. Sasoi honetan eta Gabonetan jasotzen dituzte eskaintza gehienak, baina eurek urte guztian zehar egiten dituzte barraskiloak. 12 euroren truke dastatu ditzakezue. Gozatu.