Gazteen euskara ikertuta, gaur aurkeztuko dira emaitzak

Gazteen euskara ikertuta, gaur aurkeztuko dira emaitzak
2014/06/16 00:00
eta kitto!

Gaur (eguaztena, hilak 18) ezagutzera emango dituzten emaitzek errealitatea ahalik eta modurik zuzenenean islatzeko, herriko gazteen lagin zabala aztertu dute. Euskara elkartearen barruan normalizazioaz arduratzen den Ainara Labadok azaldutakoari jarraituta, "18 eta 28 urte bitarteko 600 lagun baino gehaigo elkarrizketatu genituen, gazteen euskara gaitasuna zein den jakiteaz gain, noiz, nola, norekin eta zenbat erabiltzen duten jakiteko. Ikerketako atal batzuen emaitzen berri maiatzean Portalean egindako Euskararen Transmisioaren Mintegian aurkeztu genituen, aurrerapen gisa, baina oraingoan, datorren asteko aurkezpenean ikerketaren emaitzak bere osotasunean emango ditugu. Zalantza barik, aurkezpenean esango ditugunak oso interesgarriak izango dira, herritar guztientzat orohar eta bereziki ikerketako aztergaia izan diren gazteentzat. Horrez gain, bereziki interesgarria egingo zaie irakaskuntzan zein bestela, edozein esparrutan gazteekin diharduten guztientzat. Horregatik aurkezpenera etortzera animatu nahi ditugu, ikerketaren emaitzen berri zuzenean jaso dezaten".
Parte-hartze prozesua helburu
Aurkezpenak helburu bikoitza dauka, Labadoren berbetan: "Alde batetik emaitzen berri eman nahi dugu, hau da, nolabaiteko diagnostikoa edo argazkia erakutsi nahi dugu. Baina, horrekin batera, emaitza horien ondorioztapena landu eta, ondorio horietan oinarrituta, etorkizunera begira gazteen artean euskeararen erabilera areagotzeko ekintza plana diseinatu nahi dugu".
Eta plan horren diseinurako parte-hartze prozesua abiarazi nahi dute, "ikerketaren objektu izan diren horiek, gazteak sujetu izatera pasa daitezen, errealitatea aldatzeko neurriak eta estrategiak zuzenean eurek proposatu ditzaten. Kasu honetan gure beharra bidelagun izatearena litzateke. Hau da, bigarren fase honetan gure zeregina lan-taldeetan proposatutako ekintza horiek gauzatzen laguntzea litzateke. Prozesu honetatik datozen bi edo hiru urteetara begirako plana sortzea nahi dugu, non eragin-eremuak lantzen hastea nahi dugun. Edonola ere, horretan instituzioen babesa ere beharko dugu, beharrezkoak suertatu daitezkeen baliabideak-eta eskaintzeko".
Ikastetxeen garrantzia
Emaitzak aurkeztu ondoren abiatuko den prozesua ahalik eta aberasgarriena izan dadin, eguazteneko aurkezpenera zenbat eta jende gehiago agertu, orduan eta hobeto. Horregatik, jendearen interesari eusteko, ez dizkigute aurreratu ikerketaren emaitza zehatzak. Hala ere, ondorio nagusienetako batzuk kontatu dizkigute: "Gaitasuna hobetzeko beharrean jarraitu beharko da, eta gogotik gainera, izan ere, gazteen euskara gaitasuna zein den jakinda, oso gutxi erabiltzen dute. Beraz, motibazioa gakoetako bat da. Horrekin batera, emaitzek argi erakusten dute gazteen euskararen erabileran eskolak eragin zuzena duela eta, beraz, eskolek plangintza egokiak bideratuz gero erabileran emaitzak hobetuko liratekeela. Eta hainbat datu deigarririk ere badago. Adibidez, generoak bere eragina dauka, Eibarren behintzat emakume gazteek gizonek baino gehiago erabiltzen dute. Sorpresa hartu dugu, bestalde, erabilera mailarik handiena lan munduan ahozkoan ematen dela ikustean".