Genero disidentziari eta heteroarauari buruzko hitzaldia egingo dute etzi Andretxean

Genero disidentziari eta heteroarauari buruzko hitzaldia egingo dute etzi Andretxean
2026/05/11 14:23
Irati Alvarez Malaxetxebarria

LGTBIQ+ Kolektiboaren Eskubideen Aldeko Kanpainaren baitan, 'Heteroarauaz eta genero disidentziaz' izeneko hitzaldia egingo dute etzi, maiatzaren 13an, 18:00etatik 19:30era, Andretxean.

Saioan, Elene Lopetegik eta Iñigo Etxezarretak genero disidentziaren inguruko hainbat gako landuko dituzte, baita generoarekin eta sexuarekin lotutako rol estruktural eta sozialei buruzko hausnarketak ere. Horretarako, ‘Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?’ liburua hartuko dute oinarri.

Iñigo Etxezarreta gizarte hezkuntzan graduatua da, eta maskulinitateen lanketan, pedagogia feministetan eta LGTBI+ formakuntzetan aditua. Elene Lopetegi, berriz, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da, eta azken urteetan feminismoan eta espazio bolleroetan aritu da batez ere. Gaur egun Bilgune Feministako militantea da.

Jarduera irekia, doakoa eta euskaraz izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.