Gerra eta bakea, prentsa-argazkilarien begietatik ikusita
Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea da aurtengoa eta horren harira bildu dituzte argazkilari ezagunen argazkiak herririk herri daramaten erakusketan: Goran Tomasevic, Enrique Meneses, Don MacCullin, Carolyn Cole, Patrick Chauvelen, David Burnett, Samuel Aranda… eta horrela, 33 lagunen izen-abizenekin zerrenda osatu arte. Eibarren baino lehen Gernikako Bakearen Museoan eta Donostiako San Telmo Museoan erakutsi dituzte erretratuak eta Portalean erakusketa itxi ostean, Bilboko Zabalguneko Merkatuan (abuztuaren 27tik urriaren 18ra) eta Gasteizko Vital Kutxaren Fundazio Aretoan (urriaren 23tik abenduaren 11ra) egongo da erakusketa bisitatzeko aukera.
Erakusketan munduko 15 herrialde ezberdinetako 33 argazkilarik hartzen dute parte. Gehienak gizonezkoak dira, baina tartean badaude 7 andra. Argazkilarien jatorriari begiratzen badiogu, berriz, 8 Estatu Batuetakoak dira, beste horrenbeste Espainiakoak, bi Indiakuak, beste bi Argentinakoak, beste bi Erresuma Batukoak eta Pakistaneko, Gazako eremu palestiniarreko, Kolonbiako, Belgikako, Serbiako, Alemaniako, Italiako, Irango eta Greziako argazkilari banak osatzen dute parte-hartzaileen zerrenda.
Munduko herrialde ezberdinetako hamaika gatazkatan euren kamararekin hartutako argazkiak urteetan tarte zabala islatzen dute. Ikusteko moduan ipini dituztenen artean zaharrena 1958ko otsailean ateratakoa da, Enrique Menesesek Kubako iraultzan, Pino del Aguako borrokan hartutako irudia. Bertan Fidel Castro, Ernesto "Che" Guevara eta eurekin batera Kubako Sierra Maestran borrokan jardundako beste batzuk ikusi ditzakegu eta erretrato horrek argazki-kazetaritza arloan banatzen den saririk garrantzitsuena eman zion bere egileari: World Press Photo Saria.
Eta denboran guregandik gertuen dagoan argazkia 2011ko urrian Samuel Arandak ateratakoa da: Sanaá-n (Yemen) frankotiradore baten tiroak zauritutako semea besoetan duen ama, "sharshaf" delakua jantzita daukala, semea kontsolatzeko ahaleginetan ikusten dira eta kasu honetan ere argazkilariak World Press Photo Saria jaso du 2012an bertan.
Gerra eta bakearentzako eszenatokiak
Horien bieen bitartean, munduko txoko eta sasoi ezberdinetan hartutakoek osatzen dute erakusketarako osatutako bilduma: Indiako soldaduak Kaxmirgo Dal lakuaren inguruan patrullatzen, Rangunen, Birmaniako junta militarraren kontrako protestetan soldadu baten balak hil zuen Kenji Nagai Japoniako erreportaria, Haitin lurrikara gertatu baino 5 urte lehenago janaria banatzean gertatutako iskanbilak, senarrak azidoa aurpegira botata erretako Pakistango andrazkoa, gosearen biktimetako bat Somalian, frankotiradore batek hildako andrazkoa Sarajevon, Palestinako lurralde okupatuetan jasotako legez kanpoko asentamenduak, Irak, Afganistan, Ruanda, Kongoko Errepublika Demokratikoa… Baina gehienak herrialde horiek gerra eta sufrimenduarekin zuzenean lotzen baditugu ere, eszenatokia larregi aldatu gabe ere bakearekin lotutako irudiak hartzea posible dela ikusteko aukera emango digu erakusketak.
Lekuko zuzenen begiradak
Izan ere, erakusketa prestatzeko enkargua Paco Valderrama Periscopio argazki-kazetaritza jaialdiko arduradunari egin zioten eta honek, gatazka tokietan argazkiak egiten esperientzia handia duten eta mundu mailan benetan ospetsuak diren 33 erreportari grafikorengana jo zuen, euren artxiboak astindu eta erretrato bi aukeratzeko eskatzen. Baina eskaera hori baino zehetzagoa izan zen: aukeratutako erretratoetako batek gerra irudikatu behar zuen eta besteak, berriz, bakea. Hortik aurrera argazkilari bakoitzari askatasun osoa eman zioten artxibotik nahi zutena aukeratzeko: irudiak argitaratutakoak zein sekula argitaratu barikuak izan zitezkeen, ezagunak edo ezezagunak, fetxa ezberdinetakoak, euren artean loturaren bat dutenak edo ez, zuri-beltzean edo koloretan egindakoak. Azken batean, kontzeptu biak irudikatzeko argazkien aukeraketa prentsa-argazkilari bakoitzaren esku laga zuen Valderramak eta, horrela, gaurtik aurrera ikusgai daudenek osatzen duten bilduma, moduren batean esateko, munduko gatazkak bertatik bertara ezagutzen dutenen gerra eta bakearen ikuspegia emango digute. Kamararen beste aldean egon direnen zuzeneko begiradak.