1. Gipuzkoako Emakumeen* Ibilaldia egingo da urriaren 19an

12 kilometroko ibilbide zirkularra izango da, Errenterian hasi eta amaituta
1. Gipuzkoako Emakumeen* Ibilaldia egingo da urriaren 19an
ARGAZKIA: Idoia Zabaleta (Foku)
2025/09/23 10:45
eta kitto!

Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Urdaburu Mendizale Elkartearen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, 1. Gipuzkoako Emakumeen* Ibilaldi neurtua antolatu du urriaren 19rako. Errenterian egingo da eta 12 kilometroko ibilbide zirkularra prestatu dute, 330 metroko desnibelarekin. 

Emakumeak Urdaburu Mendizale elkartetik irtengo dira (Juan de Olazabal kalea, 23), 09:00 eta 09:30 tartean, eta toki berera iritsiko dira Pontika eta Beraun auzoak, Kutarro, Bizarain, Aitzetako Txabalako trikuharria, Txirrita Maleo, Pontika, Koldo Mitxelena plaza eta Biteri kalea zeharkatu ondoren. Gainera, amaitu ondoren janaria eta edaria egongo da Urdaburu Mendizale Elkartean.

Ibilaldia parte-hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira urriaren 15a baino lehenago izena emanez gero, edo 10 euro egunean bertan apuntatuz. Horretarako, galdetegi hau bete beharko da.

 

Berdintasunerako konpromisoa

2024ko urtarrilean onartutako Gipuzkoako Mendizale Federazioaren Berdintasunerako Planaren sarreran jasotzen den bezala, Gipuzkoako Federazioak “konpromiso argia du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde federazioaren eremu guztietan. Izan ere, tradizioz, mendizaletasuna eremu maskulinoa izan da, eta emakumeak ez dira bertara erraz iritsi. Gainera, genero bakoitzari sozialki esleitutako estereotipoek eta rolek baldintzatu eta mugatu dute emakumeen parte-hartzea”.

Konpromiso horren ondorioz, Berdintasun Kontseilua eratu zen, gehien bat emakume mendizaleek osatuta, eta talde horren lehen helburua aipatutako Berdintasunerako Plana sortzea izan zen. “Berdintasun Kontseiluak gaur egun ere lanean jarraitzen du hura gauzatzeko, eta antolatzen ari garen emakumeei* soilik zuzendutako mendi ibilaldi hau, Berdintasunerako planaren ekintzen barruan kokatu behar da”, diote Eibarko Klub Deportibokoek.