Gotzone Merino, F-Stop Argazki Taldea: "Kamera estenopeikoekin argazkilaritzaren sustraietara jo dugu"
- Zer ekarriko diguzue zapatuan?
Kamera estenopeiko erraldoiarekin etorriko gara, denboran atzera egin eta argazkilaritzaren sustraietaraino joateko. Kamera, berez, barruan lagun bat edo pare bat hartzeko moduko neurria duen kutxa iluna da eta zulo txiki bat dauka, bertatik argia sartzeko. Oinarrizko baliabideak erabilita antzina argazkiak nola egiten zituzten erakutsi nahi dugu. Eguraldiak laguntzen badigu, argazkiren bat egitea gustatuko litzaiguke. Kamera hauek esposizio-denbora nahiko luzea behar dute eta, horrez gain, eguna nahiko eguzkitsua izatea komeni zaigu, zulotik argi nahikoa sartu eta argazkia egin ahal izateko. Beste kamera txikiago batzuk ere ekarriko ditugu eta, kameren funtzionamendua hobeto ulertzeko murala ipiniko dugu, teknikari buruzko azalpenekin.
- Nolatan hasi zarete kamera estenopeikoekin beharrean?
Gaur egun jaun eta jabe diren kamera digitalek argazkilaritza goitik behera astindu dute, orain garrantzitsuena berehalakotasuna da, argazkia egin eta berehala ikusi nahi izaten dugu. Gainera, argazki horiek goitik behera eraldatzeko teknika eta modu ugari dago. Hori ikusita, argazkilaritzaren sorburura jo eta lehen argazki horiek nola egiten ziren ikertu eta jendeari erakustea interesgarria izango zela pentsatu genuen.
- Zertarako dira egokiak horrelako kamerak? Eta zertarako ez dute balio?
Jendeari erretratuak ateratzeko, adibidez, ez dira bat ere erabilgarriak. Ezin duzu inor kameraren aurrean pare bat minutuan geldi-geldirik ipini. Baina oso egokiak dira, adibidez, hiri baten erretratua egin eta kaleak hutsik ateratzeko. Jendea atzera aurrera ibilita ere, mugimenduaren ondorioz argazkian ez da inor agertuko, jendea "desagertarazi" dezakegu.
- Kamerak ikusi dituztenek zer diote?
Orain arte proba batzuk baino ez ditugu egin, bihar irtengo gara lehenengoz kalera, baina kamerak ikusi dituztenek harrituta begiratzen diete, zur eta lur geratzen dira kamerak eta batez ere horiekin lortutako emaitzak ikustean.