Greba zikloari ekin diote hezkuntza publikoan, Jaurlaritzaren gutun polemikoak giroa berotuta
Argiako Mikel Garcia Idiakez kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda izango da, eta lehenengo egunerako Bilbon deitu dute manifestazioa. Mobilizazioen atarian Eusko Jaurlaritzak gurasoei email masiboa bidali izanak haserre ditu sindikatuak: “Familiak irakasleon kontra jartzeko” posta pertsonala erabiltzea “oso larria” dela iritzi diote.
Joan den ostiralean, Hezkuntza Sailak emaila bidali zien seme-alabak eskola publikoan dituzten gurasoei. Deituta dauden greba egunek gurasoengan sor dezaketen kezka ulertzen dutela eta hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko “ahalegin sendoa” egiten urteak daramatzatela dio Jaurlaritzaren gutunak: “Soldaten hobekuntza, uztartze-neurriak, ratioen eta eskola-orduen murrizketa eta langileen egonkortasun- eta gaztetze-planak dira akordio esanguratsuak lortzeko gure borondatearen erakusgarri”. Hezkuntza Sailaren hitzetan, “zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude”.
Halako gutun masiborik inoiz bidali gabea zen Hezkuntza Saila, eta erasotzat hartu dute LAB, STEILAS, ELA eta CCOO mobilizazioen deitzaileek: “Propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko” helburuz egin duela leporatu diote sindikatuek Jaurlaritzari.
Negoziazioak zabalik egonda grebak deitzearen inguruan, sindikatuek erantzun diote Jaurlaritzarekin duten mahai negoziatzaileetan ez dagoela edukirik eta “negoziaketa itxura emateko eta bere burua justifikatzeko” baino ez dituela erabiltzen bilerak.
Lan hitzarmenak eta baldintzak hobetzeko
Kontuak kontu, hamabi eguneko greba zikloari hasiera eman diote hezkuntza publikoan. Irakasleak daude deituta asteazken eta ostegunean, baita otsailaren 26-27an ere. Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28-29an eta otsailaren 12-13an daude grebara deituta, eta sukalde eta garbiketakoak berriz, urtarrilaren 30-31 eta otsailaren 19-20an.
Lan hitzarmenak aspaldikoak direla eta akordioak berritu behar direla aldarrikatu dute langileek. Irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da eta gainerakoena 2009tik ez da eguneratu. Besteak beste, eskatzen dute arintzea lan zama eta gehiegizko burokratizazioa (artikulu honetan kontatu genuenez), lantaldeak gaztetzeko planak adostea, erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna txikitu eta lanpostuak egonkortzea, baliabide gehiago jartzea (hala nola hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei erantzun ahal izateko) eta ratioak txikitzea.
Azpimarratzekoa da sukalde eta garbiketako langileen egoera. Baldintza prekarioenak eta soldata txikienak dituen sektore feminizatuena dela gogoratu dute sindikatuek: “Ezinbestekoa da ratioak jaistea eta garbitu beharreko metroak gutxiago izatea”.
Mobilizazio egunak
Asteazken honetan, Bilbon zentralizatu dute manifestazioa. Gran Via 85etik Arriaga plazara abiatuko da, 11:30ean. Ostegunean berriz, ordu berean, EAEko hiru hiriburuetan ekingo diete manifestazioei: Gasteizen, Bilbo plazatik Foru enparantzara; Donostian, Bulebarretik hasi eta bertan bukatuko da; eta Bilbon, Gran Via 85etik Arriaga plazara errepikatuko dute.
Nafarroan ere, protestak
Foru erkidegoan ere ez da giro eta hezkuntza publikoko irakasleak grebara daude deituta, urtarrilaren 30ean. Hain justu, STEILAS, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek agerraldia egingo dute asteazken goiz honetan, grebaren inguruan mintzatzeko.