Hainbat ekimen antolatu dituzte Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira
Eguenean, urriaren 17an Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna gogoratuko da mundu mailan eta EAE-n ere, Eraldaketa abian da! Pobreza 0, hay alternativas goiburuari jarraituta, hainbat ekimen antolatu dituzte erakunde eta talde ezberdinek, "gizarte justuagoa eta berdinagoa erreibindikatzeko". Asmoa "herritarrak pobrezia eta desberdintasunak egoteko arrazoien inguruan sentsibilizatzea eta gizarte eraldaketa sustatzeko ekintzen gainean kontzientzatzea" da. Izan ere, Europan gero eta biztanle gehiagok dauka pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskua: "Herritarren %24'2 egoera horretan egoteak argi erakusten du zerbait gaizki dagoela. Euskadin 2012. urtean 435.000 (%19,9) lagun pobrezian bizi izan dira eta Eibarren 320 lagunek (140 familiak) elikagai bankuaren laguntza jaso dute".
Eguenean 12.00etan Untzagan
Eibarko Elkarkidetza Mahaiak kanpainako ekitaldi nagusia eguen eguerdirako (urriaren 17rako) prestatu du: Aldatze eta La Salle ikastetxeetako ikasle eta irakasleak eta Garaguneko boluntarioak 12.00etan Untzagan bat egingo dute, pobreziarekin amaitzea aldarrikatzeko. Horiekin batera, manifestuarekin bat egin duten Eibarko Fiare Taldeak eta Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak kanpainari babesa eman diote.
Gauzak bestela izateko alternatibak egon badaudela eta gizarte justuagoa eta berdinagoa lortzea posible dela diote: “Jokoaren arauetako asko goitik behera aldatuko dituen eredu berria errebindikatzen dugu. Bizitzeko eredu berriak nahi ditugu, aberastasuna modu bidezkoan banatzeko, ingurumena errespetatzeko, genero berdintasuna sustatzeko eta denontzat bizitza duina lortzeko”.
Horretarako borondate politikoa behar dela azpimarratzearekin batera, pobrezia desagertarazteko aldarriarekin bat egiteko aukera herritar guztien esku dagoela gogoratu dute eta herritarrak Pobreziaren Kontrako Astearen barruan egingo diren jardueretan parte hartzera animatu nahi dituzte. Antolatzaileen salaketak eta aldarrikapenak jasotzen dituen manifestua jarraian irakur dezakezue:
ERALDAKETA ABIAN DA. POBREZA 0, HAY ALTERNATIVAS
Urriaren 17an gogoratuko da pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Aurten ere hainbat kolektibo sozial elkartuko gara egun hori salaketarako eta aldarrikapenerako jardunaldi izan dadin.
- Salatzen dugu:
Krisi global honek agerian utzi du sistema kapitalista eta patriarkalak pobrezia eta bazterkeriaren adierazpen berriak baino ez dituela sortzen gero eta sektore zabalagoetan, bai gure gizartean (bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean) eta bai mundu osoan. Krisi honen jatorria sisteman bertan dago; sistema bat, biztanleriaren zati txiki baten aberastasuna lehenesten duena gehiengoaren pobretzearen eta planetaren hondamendiaren gainetik.
Produkzioa, espekulazioa, jabetza pribatuaren pilaketa, mugarik gabeko hazkundea eta kontsumoa ez dira bateragarriak bidezko bizimodu iraunkorrarekin. Ezin da pobrezia kontrolatu aberastasuna kontrolatzen ez bada, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla. Berehala hasi behar dugu aberastasunaren, pilaketaren eta xahutzearen aurka borrokatzen.
Gobernuek milaka milioi gastatu dituzte finantza erakundeak erreskatatzeko eta ez diete ezer eskatu horren truke. Bien bitartean murrizketa sozialen politikekin jarraitzen dute, urtetako borrokaren ostean lortutako eskubideak urratuz, zerbitzu sozial publikoak pribatizatuz, errenta eta kapital handienentzat onuragarriak diren politika fiskalak aplikatuz eta, beraz, zerga bilketaren pisua klase langileen gainean ezarriz eta, besteak beste, konpondu gabe utziz zerga iruzurraren arazoa. Hori ez da konponbidea.
Doikuntza politika horien ondorioz hazi egin dira langabezia, prekarietatea, bazterkeria eta emakumeenganako diskriminazioa; berriro itzuli dira politika autoritarioak, pertsonen zirkulazio librea eragotzi da eta ahaztu egin dira herrialde pobretuetako zein gure gizarteetako pobrezia desagerrarazteko konpromisoak. Datuak argiak dira: 2012an milioi bat lagun gehiago, hots, %9,2 gehiago sartu ziren munduko aberatsenen multzoan. Aldiz, Europan pobrezian eta bazterkeria sozialean erortzeko arriskuan daude biztanleen %24,2, eta Euskadin, 2012an, 435.000 (%19a) lagun bizi dira pobrezian.
- Aldarrikatzen dugu:
Joko-arau asko goitik behera aldatuko dituen eredu berri bat. Eredu alternatibo bat, hazkunde, kontsumo eta lehiakortasunaren mitoetatik ihes egiten lagunduko diguna. Gizarte eta ingurumen aldetik sostengarria izango den sistema bat nahi dugu, zoriona eta ongizatea lortzeko balioko diguna. Hitz batez, bizitza eredu berri batzuetarantz aurrera egin nahi dugu, eredu berri horien bidez aberastasuna berdintasunez banatzeko, ingurumena errespetatzeko, genero ekitatea sustatzeko eta bizitza duina lortzeko pertsona guztientzat.
Pobrezia eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: borondate politikoa behar da horiek desagerrarazteko. Hiritar guztiek egin dezakete bat pobrezia eta desberdintasuna ezabatzeko aldarriarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, edo eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez.