Hamar musika emanaldi eskainiko dituzte Agorra Fest jaialdian

EH Sukarra, Potato, Goxua'N Salsa, Broken Brothers eta beste hainbat talde izango dira irailaren 11tik 13ra Ustekabe txarangaren 25. urteurrena ospatzeko
Hamar musika emanaldi eskainiko dituzte Agorra Fest jaialdian
2026/09/02 20:16
Ekhi Belar Errasti

Ustekabe txarangak musikaz beteko ditu Eibarko kaleak irailaren 11tik 13ra, Agorra Fest jaialdian. Txarangak 25 urte bete ditu aurten eta herritarrekin ospatu nahi dute data berezia. "Gure eta Eibarren esentzia kalea da", aipatu dute gaur arratsaldean egindako aurkezpenean, eta bertara eramango dute musika.

Orain dela hilabete batzuk ere egin zuten 25. urteurreneko ospakizuna, “baina barnera begira izan zen gehiago”, azaldu dutenez, 25 urteetan txarangan ibili zirenak elkartu zirelako. Orain, herriarekin ospatzea da asmoa. Horretarako, Udalarekin elkarlanean, hiru eguneko musika jaialdia prestatu dute.

Hasiera dantzagarria

Jaialdia ostiral arratsaldean hasiko da, irailaren 11n, 18:30ean, Eibarko Bizikleta Plazan, Iruñeako Broken Brothers Brass Band taldearen eskutik. Jon Zelestino musikari eta zirikatzaile musikala buru duen taldeak pare bat hamarkada daramatza Euskal Herriko kaleetara funk, gospel eta jazz modernoa ekartzen, New Orleanseko brass band-en antzera. 2019an izan genituen Portalean eta orain kalez kale izango ditugu, Agorra Fest jaialdiari hasiera paregabea emanez.

Broken Brothers Brass Band taldeak emango dio hasiera Agorra Fest jaialdiari.

Psycho Clown taldeak hartuko die lekukoa, 20:30ean, Toribio Etxebarria kalean. Proposamen bitxia dakar Psycho Clownek, perkusioa, piroteknia eta pailazoen antzerkia uztartzen baititu.

Euren ikuskizuna 22:00etan amaituko da Untzagan eta jaialdiko lehen kontzertua hasiko da jarraian. Goxuan'N Salsa izango da eszenatokira igoko den lehen taldea. Iruñeako taldeak saltsa eta erritmo latinoak lantzen ditu euskaraz. Orkestra kolonbiar-nafarrak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan New Yorken, Kolonbian eta Puerto Ricon egiten zen saltsa klasikoa interpretatzen du, baina letretan ukitu berritzailea emanez.

Gaueko bigarren kontzertua Potato talde arabarrak emango du. 80. hamarkadan sortua, reggae, ska, rocksteady eta dub estiloen aitzindaria izan da Euskal Herrian, eta urte hauetan taldean aldaketak egon diren arren (2006an Juantxo Boriko sortzailea hil zen, 2007an taldea desegin zuten eta 2009an Pako Pko-ko Potatoren ibilbideari berrekin zion), Euskal Herrian reggaeak bizi-bizirik jarraitzen duela erakusten du.

 

Kalejirak, bazkaria eta EH Sukarra

Larunbateko egitarauak egun osoa hartuko du. Goizean, 10:30etik aurrera, Elgoibarko gaiteroak eta erraldoiak egongo dira kalejiran, Errebaletik Urkizura, Untzagatik pasatuz. Eta, nola ez, Ustekabe txarangak ere joko du. 12:30ean hasiko dira kalejiran eibartarrak, Urkizutik Untzagara herriko kaleak girotuz. Euren emanaldia 14:30ean amaituko da eta, 25. urteurrena behar den moduan ospatzeko, bazkari herrikoia egingo dute Errebalen mende laurdena ere bete duen Urbat waterpolo taldekoekin. “Bazkaria Urbatek antolatu du eta 25 euro ordaindu beharko dira. Trukean, bazkariaz gain, 25.urteurreneko zapia banatuko dute”, azaldu dute Ustekabekoek.

Arratsaldeko 19:30ean berriz itzuliko da ekintza kaleetara Burrunba Elektrotxarangaren eskutik. Kalbeton kalean hasiko dira jotzen eta, erdigunean aritu ondoren, Untzagan amaituko dute, gaueko kontzertuei lekukoa emanez.

Oholtzara igoko den lehen taldea herriko kuttunetako bat izango da: EH Sukarra. Ia dena dago esanda Eibarko taldearen inguruan. Euskal Herriko heavy metalaren eta rockaren ikurretako bat da eta, musikaren eszenan ia 40 urte daramatzan arren, ez du galtzen beti izan duen magia. Ondoren, gauerdian, erromeria izango dugu Laket trikitixa taldearen eskutik. "Eibarko erromeria talde batek jotzea zen asmoa, baina sasoi honetan oso lanpeuta dabiltza", argitu dutenez.

EH Sukarra taldeak etxean joko du.

Igandean, jazza eta dantza

Igandean emango zaio amaiera Agorra Fest jaialdiari. 12:30ean, Euskorleans dixie band jazz taldeak euskal abesti ikonikoen bereziak eskainiko ditu, New Orleanseko doinuen kutsua emanez eta dantzekin lagunduta, Ego Gain eta Untzaga inguruetan.

 

Egutegiak, sorpresak eta txosna

Agorra edo agorrilla berbek irailari egiten diote erreferentzia eta, jaialdirako aukeratutako izenak, Agorra Festek, uda amaierako hileari egiten dio erreferentzia, urtaroaren amaiera iragarriz. “Jaialdiaren izenean gure sustraiak sakontzeko helburua genuen, eta halaxe aurkitu genuen izena”, diote Ustekabekoek. Txarangak hainbat aldiz banatu ditu herrian Eibarko euskaran editatutako egutegiak eta jaialdian banatuko ditu batzuk. Gainera, “sorpresaren bat gehiago egongo da jaialdian zehar banatzeko”, diotenez.

Aipatu bezala, Urbat waterpolo taldeak ere 25 urte bete ditu aurten eta jaialdi osoan zehar txosna jarriko dute Untzagan, bertan lortutako irabazien zati bat jaialdiaren gastuak ordaintzera bideratuko dutelarik. “Talde bien ospakizunak elkarren artean zapaltzeko aukera egon da eta, hori gertatu beharrean, indarrak batu ditugu eta elkarrekin egingo ditugu ospakizunak”, txarangakoen berbetan.

Ustekabe txarangako musikaria den Maialen Bravok egin du jaialdiko kartela.