Jon Zelestino, Broken Brothers Brass Band: “Gure musikak festarako giroa sortzen du”

Jon Zelestino, Broken Brothers Brass Band: “Gure musikak festarako giroa sortzen du”
2019/12/13 12:23
eta kitto!
New Orleanseko brass band musika garaikidearen kale eta jai doinuak eskainiko ditu Broken Brothers Brass Band taldeak domekan, 19:30ean, Portalean. 13 urteko ibilbide arrakastatsua egin du talde nafarrak eta, kalea utzita, areto barruan joko du publikoa funk, gospel eta jazz doinuetan murgiltzeko.

 

- Nola entzuten dira New Orleanseko doinuak Euskal Herrian eta euskeraz?

Entzuteko erraza den eta dantzara eramaten zaituen musika da. Musika hori entzuten duen jendeak erreferentzia argiak ditu eta garbi ikusten du zein talde mota garen, baina entzuten ez duenak soinua freskoa aurkitzen du. Gure musikak gospelarekin, funkarekin... harremana du eta festarako giroa sortzen du.

- Brass band musika kalean entzun ohi da, kalejiran. Portalean, ordea, aretoan joko duzue. Zer moduz moldatzen zarete?

Geroz eta hobeago. Kalean jotzen dugunean jendearen erantzuna oso zuzena da eta inprobisazio gehiago dago. Aretoan, bestetik, zorrotzagoak gara. Udazkenenean hainbat aretotan jo izan dugu, eta itsusia da nik esatea, baina taldea sendo dagoela esango nuke.

- Jai handia sortzen da zuen kontzertuetan?

Bai. Musika beltzak komunitate zentzua du. Eserita entzuteko musika gozoa da, baina dantzan egin eta abesteko aproposa da baita ere.

- Euskal Herritarrak izanik, zuen ukitu pertsonala eman diezue New Orleanseko doinuei?

Baietz uste dut. Estiloa asko landu dugu eta gure abestiak sortu ditugu, eta hori musikan eta berbetan igartzen da. New Orleanseko abestiek hango gauzei buruz egiten dute berba, beraz, guretzat ez du zentzurik ingelesez egitea. Bestetik, talde bezala gure ahots propioa dugu.

- New Orleansen brass bandak dituzte eta hemen txarangak ditugu. Antzekotasunak daude bi mundu horien artean?

Bai, duda barik. Gizartearen behar bati egiten diote men. Brass band berbak erabiltzen ditugu, musika aldetik gure erreferentzia hori delako, baina funtzioa bera da: kalean jaia sortzea elektrizitaterik gabe. Lehengo bandetatik eratorritako talde txikiak dira txarangak, dantzarako musika ematen dutenak, eta brass band bat hori da New Orleansen.

- Berri Txarrak taldeak uztailean Kobetamendin eskaini zuen kontzertuan eurekin jo zenuten, euren agur biran. Nolako esperientzia izan zen?

Oso polita, hunkigarria. Guretzat ohorea izan zen miresten duzun musika talde batek horrelako aitortza egitea. Eskertuta gaude.

- Berri Txarrakek amaitu du bere ibilbidea, baina zuek martxa betean jarraitzen duzue. Grabazio estudiotik berriz pasatzeko asmoa duzue?

Bai. Gauza batzuk grabatu ditugu eta laster aterako direla pentsatzen dut. Iruñerriko eta Nafarroako taldeen bertsioak grabatu ditugu. Ez da disko formatuan irtengo, baina laster ikusiko du argia.