Hankamotxak: “Bertsoak duen armarik garrantzitsuena norberak duen imajinazioa da”

Hankamotxak: “Bertsoak duen armarik garrantzitsuena norberak duen imajinazioa da”
2022/11/25 09:27
eta kitto!
Hilabete baino gutxiago falta da Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren finalerako eta begiak Nafarroa Arenako zita handira begira jarri dira dagoeneko. Bitartean, Eibarren San Andres bertso-jaialdia egin zen atzo eta bertso-paper lehiaketaren sariak banatu ziren. Han izan zen gai-jartzaile Jon Mikel Mujika, Hankamotxak bertso-eskolako kidea.

Hain zuzen ere Jon Mikelekin, Maialen Bergararekin, Irune Basagoitirekin eta Igor Galarza irakaslearekin elkartu gara Hankamotxak bertso-eskolaren inguruan jarduteko. Topalekuan bildu gara, bertan egiten baitituzte saioak martitzen arratsaldero. Han egongo dira zuen zain, bertsotarako lagun berrien bila baitabiltza eta beso-zabalik hartuko zaituztetelako.



Nolako saioak egiten dituzue bertso-eskolan?

IGOR: Bertsolaritza Txapelketa Nagusian murgilduta gaudenez, lehenengo minutuetan asteburuko saioak komentatzen ditugu, bakoitzak bere iritzia emateko eta abar. Gero, berotzeko, puntuka hasten gara bertsotan. Ondoren, gaiak jartzen dizkiet hirunaka, binaka edo bakarka, eta horrela ibiltzen gara ordu eta erdiko saioa bete arte.

Zuetaz gain, jende gehiago etortzen da?

JON MIKEL: Aurten, beste lagun bat gehiago etortzen da, Jon Martinez, baina aurreko urteetan jende gehiago izan gara. Pare bat lagun kanpora joan dira ikasketak egitera. Horregatik, jendea bertso-eskolara etorri dadin animatu nahi dugu.

Gonbidatu dezagun jendea. Zergatik etorri beharko lirateke bertso-eskolara?

JON MIKEL: Uste dut jendeak pentsatzen duela bertso-eskola bakarrik ariketa literario batean trebatzeko zerbait bakarrik dela, baina askoz gehiago da. Azkenean, bizitzan behar ditugun gaitasun asko hobetzeko erreminta asko ematen dizkigu: jende aurrean aritzeko, diskurtso bat eraikitzeko eta iritzi ezberdinak entzuteko gaitasunak, besteak beste. Eztabaida eta barre asko ere egiten dugu.

MAIALEN: Lagunekin elkartzeko beste toki bat da eta deskonektatzeko eta burua trebatzeko aukera ematen digu. Ez da gauza formal bat. Oso gustora egoten gara eta beste indar batekin irteten gara hemendik. Bertsotan egiteko berezko gaitasuna eduki behar da ala zerotik ikasi daiteke.

IGOR: Zerotik ikasi daiteke. Bertsoak duen armarik garrantzitsuena norberak duen imajinazioa da. Hortik aurrera beti entrenatu daiteke, errimak eta metrikak ikasi... Denok dugu zeozer esateko eta bakoitzaren imajinazioa libre da. Beste guztia ikasi daiteke.

Eszenatoki ezberdinetan egin daiteke bertsotan (txapelketetan, afalostean, lagun artean...). Gauza jakin batetan aritzeko ikasten duzue hemen?

IRUNE: Orokorrean ez dugu toki jakin batean aritzeko ikasten, baina normalean egiten ditugun ariketek badute txapelketa kutsua, neurriak zehazten ditugulako aurretik. Afalostean eta horrelakoetan gabiltzanean libre jarduten dugu.

IGOR: Bertsoak duen gauzarik zailena libre jardutea da. Gaia jartzen dizutenean A edo B esan dezakezu, baina gaiak norberak atera behar duenean beste gauza bat da eta hori ere bada bertsoen magia. Ikasteko eta irakasteko, ostera, txapelketa formatua erabiltzea da onena.

Txapelketetan ibilitakoak zarete?

JON MIKEL: Bere garaian plazaren bat egindakoa naiz, baina ez dut neure burua jendartean ibili banintz bezala ikusten. Bertso-eskolara etortzen den jendea helburu ezberdinekin dator. Batzuk euren burua hobetu eta txapelketetarako prestatu nahi dute, ni denborapasan etortzen naiz, etorri daitezke ere bertsotan jakin ez eta zerbait ikasi nahi dutenak gai-jartzaile izateko...

MAIALEN: Ni ez naiz plazan ibili eta denborapasa moduan hartzen dut bertso-eskola. Hauek esperientzia gehiago dute (dio Igorri eta Iruneri begira).

IGOR: Irune eta biok gehiago ibili gara plazan, baina irakasle naizen aldetik, ez dut jartzen helburu bezala plazara joatea edo zirkuituaren partaide izatea. Bakoitzak ikusiko du noraino iritsi nahi duen.

Hilabete falta da Txapelketa Nagusiko finalerako. Nola ikusten duzue?

IGOR: Uste dut laurok ikusten dugula faborito nagusia: Maialen Lujanbio.

MAIALEN: Esperantza dut inoiz gertatu den zerbait gertatzea: Maialenez gain emakume gehiago sartzea finalean. Ilusio berezia egiten dit.

IRUNE: Gainera, finalean sartzeaz gain, garrantzitsua da emakume horiek orain arte nolako lana egiten ari diren ikustea: nolako bertso-maila eskaini duten, nolako zeresana eman duten... Alde horretatik oso pozik nago, nahiz eta epaileren batekin oso ados ez egon (barreak). Plazan azken hamar urteotan ikusi den joera txapelketetara heldu da.

IGOR: Txapelketa honetan profil ezberdinetako bertsolariak daude eta horrek lagundu dezake jendeak eurekiko atxikimendu gehiago izan dezan. Horrelako txapelketa batek bertsozaletasun uholdea sortu dezake, espero duguna Eibarren ere fruituak ematea.

Zuen inguruan bertsozaletasuna handitzen doala ikusten duzue?

JON MIKEL: Zaila da. Eibar batean bertsozale berriak topatzea ez da erraza izaten. Bertso-saioetara joatea besterik ez dago, aurpegi berdinak ikusten dituzulako. Poztuko nintzateke gazteak bertsotara hurbiltzearekin, baina zaila ikusten dut. Ea Txapelketa Nagusiak eta horrelakoek laguntzen duten. IRUNE: Ermuan, San Martin jaien inguruan, saio potentea egiten dugu urtero eta azken urteotan gazte euskaltzale asko joaten da, baina ez nintzateke ausartuko bertsozale deitzera horregatik. Agian, konpromiso politikoagatik da gehiago.

Final nagusian aretoa bete egiten da. Zaletasun hori egunerokoan islatzen da?

IGOR: Finala oasi bat izaten da. Ez da gauza bera final nagusian aretoa betetzea edo astero bertso saioetara jendea joatea. Era berean, ez da gauza bera Gernikan saioa egitea edo Angelun, edo bata Eibarren eta bestea Elgoibarren egitea. Toki guztietan ezberdin bizi da.

IRUNE: Ni positiboa izaten saiatzen naiz. Noski, finalera doazen 15.000 lagunak ez dira bertsozaleak izango; baina, 15.000 badaude, gero asko izango dira asteburuetan plazaz plaza ibiliko direnak.

Herriko eskolekin lan egiten duzue umeak txikitatik bertsozale izateko?

MAIALEN: Lehen gaztetxoen bertso-eskola genuen Eibarren, baina desagertu egin zen eta ez dugu lortu berriz martxan jartzea. Bestetik, eskoletan motibazio saioak egin izan ditugu, baina ez dugu lortzen Eibarko umeak guregana gerturatzea eta hor dugun erronka da.