HARKAITZ CANO: “Bizitza nekez konta liteke literaturak ematen dizkigun tresnarik gabe”
“Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” album ilustratuarekin etorri da Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975) Harixa Emoten irakurketa-klubera. Fernando Bernuesen antzezlan batean oinarrituta dagoen lan horrek aita batek eta haren alabak euren arteko komunikazio-haustura berrezartzeko liburutegi eta kontakizunetan barrena egiten duten bidaia ederra erakusten digu. Aste honetan jakin dugu, gainera, Euskadi Literatura Saria irabazi duela Canok lan horrekin, haur eta gazte literatura atalean.
Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek literaturan aurkituko du euren arteko harremana onbideratzeko bidea. Lan honek liburuen eta bizitzaren arteko lotura erakusten duela esan daiteke?
Literatura maite dugunok ez ditugu biak aparte ikusten: liburuek bizitza ispilatzen dute eta, batzuetan, bizitzak liburuak… Oscar Wildek baikortasun handiz eta ponpezia are handiagoz esan ohi zuenez, bizitzak kopiatzen du artea eta ez alderantziz. Tira, ez da beti horrela, baina… Bizitza nekez konta liteke literaturak ematen dizkigun tresnarik gabe: laburpena, elipsia, esajerazioa… Hori guztia literatura da.
Bada liburutegiei egindako nolabaiteko omenaldia. “Pozez betetzen gaituen espazio boteretsu” gisa aldarrikatzen duzu liburutegia…
Trajanoren bibliotekaren atarian halaxe dago idatzia: “Arimaren Ospitalea”. Niretzat liburutegiak mundua ordenatzeko modua dira, norbaiten etxera sartu eta bere biblioteka ikusita haren bizitza osoa agertzen zaizu aurrez aurre, zure bibliotekak biluztu egiten zaitu erabat. Biblioteka publikoen zale amorratua naiz, liburutegi batera liburu jakin baten bila sartu eta haren ondoan hura baino interesgarriagoa den bat topatzearen pareko plazer gutxi daude. Ia esoterikoa ematen du, baina halaxe gertatzen da sarri: behar zenuen liburua, bila joan zarenaren ondoan egoten da askotan… Liburutegi batean promesa bat egiten duzu: liburua itzultzeko promesa. Ze beste erakunde dago halako konfiantza ituna ahalmentzen dizuna?
Aita-alabaren arteko komunikazio-haustura kontakizun eta poemen bitartez ehuntzen joango da. Bauer, Cortazar… hainbat egileren testu txikiak ageri dira liburuan. Liburutegiei ez eze, literaturari berari ere egin nahi izan diozu omenaldia?
Bai, niretzat kuttunak diren liburu fetixeak eta testu zatiak dira asko. Gure liburuak, finean, besteen liburuekin elikatzen dira. Uste dut idazleon eginbehar moraletako bat dela maite ditugun idazle eta istorioei buruz hitz egitea, haien lanak gurera ekarri eta itzultzea…
Ohituta gaude liburuak antzezlan bihurtzera baina ez horrenbeste alderantziz, hau da, antzezlan bat liburu bihurtzera, ezta?
Kasu berezia izan da, paraleloki sortzen joan ziren biak hemen, liburua zein antzezlana. Antzezlaneko protagonistak –idazlea bera– liburu bat aurkezten zuen atzezlanaren barruan eta bururatu zitzaigun ederra litzatekeela liburu hori benetan existitzea…
Isabel Herguerak egin ditu ilustrazioak. Nolakoa izan da elkarlana?
Herguerak lan asko egin izan du animazioaren arloan, baina bere lehen liburu ilustratua zenez, haren ohiko lanerako moduarekin bat etortzea zela onena pentsatu genuen: 16:9 formatu laukiluzeko irudiak dira, oso zinematografikoak eta organikoak, geruzaz beteak, berak ohi duenez. Testuaz haraindiko interpretazio aske eta ederra egin zuen Isabelek.
Euskaraz eta gazteleraz ez ezik, zein beste hizkuntzatan argitaratu(ko) da albuma?
Katalanez atera zen, eta antzezlana galegoz ere egin zenez, pentsatzen dut aurki aterako dela hizkuntza horretan ere gutxienez.
Hitzarekin zerikusia duten ia arlo guztiak ikutu dituzu 19 urterekin lehen liburua argitaratu zenuenetik: antzerkia, nobela, poesia, komikiak… Non sentitzen zara erosoen?
Niretzat ipuina da generorik kuttunena. Azken finean, nobela bat eskuetatik joan zaizun ipuin luze bat da, eta poema, berriz, ipuin trinko gisako bat izaten da sarri. Pelikula bat ikusi ondoren, norbaiti kontatzen diogunean ipuin bihurtzen dugu, halaber. Ipuina da taupadarik organikoena niretzat.
Txikitatik argi al zenuen literaturara dedikatu nahi zenuela? Zer eskaintzen dizu literaturak?
Aldez edo moldez istorioak beti kontatu izan ditut, bai. Literatura aho biko ezpata da. Batzuek diote kaosa ordenatzeko balio duela, baina beste batzuetan guztiz alderantziz da: ordenean kaosa txertatzeko ere balio lezake, probokatzeko, zer pentsa emateko, irakurlearen baitan deserosotasuna eragiteko…
Nola ikusten duzu gaur egun euskal literatura? Eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Barietate handia ikusten dut, belaunaldi gazte oso indartsu bat, ahots sendoak… Badago zer irakurri!
Martitzenean izan zinen Eibarren euskarazko irakurketa-taldean. Pentsatzekoa da aberasgarria izango dela zuzen-zuzenean zure irakurleen usteak, hausnarketak, iritziak… entzutea, ala?
Bai, egia esan saio gutxi egin ditut liburu honekin, liburu ilustratuak haur eta gazteentzat soilik direla ulertzen du jende askok oraindik eta zaila da eskoletatik kanpoko saioak egitea halako liburuekin, zinez pozgarria izan zen gonbidapena. Funtsean, liburuei buruz hitz egitea liburua ahoz berpizteko eta modu kolektiboan berridazteko modua da…
Zer darabilzu esku artean? Zein arlo lantzeko asmoa duzu?
Ziklo poetiko bat itxitzat eman dut azken urteotako bi poemarioekin eta orain narraziogintzan nabil… Alternantziak ahalmentzen dit nire buruarekin gehiegi ez aspertzea. Antzezlan bat idazten ere ari naiz.
Zer ari da irakurtzen Harkaitz Cano?
Beñat Sarasolaren “Coca-cola bat zurekin” irakurri berri dut eta Uxue Alberdiren “Hetero” irakurtzeko irrikaz nago oraintxe.