Hazilan+ programa zabaldu dute kualifikazio-maila ertain-altua duten langabetuentzat

Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten langabeen laneratzea lortu eta enplegagarritasuna hobetu nahi da
Hazilan+ programa zabaldu dute kualifikazio-maila ertain-altua duten langabetuentzat
2025/04/29 18:41
eta kitto!

Debabarreneko Udalek, Debegesarekin elkarlanean, Hazilan+ programa aurkeztu dute. Horren helburua, kualifikazio-maila ertain-altua izan arren, lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten Debabarrena eskualdeko langabeen laneratzea lortzea eta enplegagarritasuna hobetzea da. Horretarako, programak hainbat orientazio-ekintza jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: zeharkako gaitasunetan trebatzea, ezagutzen eguneraketa, enpresako praktikak, etab.

Hazilan+ aldez aurretik esperientziarik ez duten gazteei eta egoera desberdinengatik langabezian dauden pertsona helduei zuzenduta dago, eta lehentasuna emango dio etxeko eta zaintza-lanetan aritu izan diren emakumeen lan-merkaturatzera. Izan ere, “datuek erakusten dute emakume horiek direla zailtasun handienak dituztenak”, aipatu dutenez.

 

Osatu eta Lorpen ibilbideak

Hazilan+ programan parte hartu nahi dutenek langabezian egon behar dute; erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua izan behar dute; eta Debabarrenean egon beharko dira erroldatuta. Bestalde, parte-hartzaileek bi ibilbide jarraitzeko aukera izango dute, euren beharren arabera: Osastu eta Lorpen.

Osatu ibilbidearen bidez, parte-hartzaileek lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte talde tailerren bidez. Prestakuntza fase hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da. Ibilbide hori enpresa-praktikekin osatzen da, parte-hartzaileek benetako lan-esperientzia izan dezaten.

Lorpen, ostera, banakako ibilbide bat da, enplegu bat lortzeko beharrezko trebetasunak lortuta dituzten pertsonak edo Euskaditik kanpo dauden eta itzultzeko asmoa duten pertsonak zuzenean laneratzera bideratua. Ibilbide honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Debegesa izango da programaren kudeatzailea eta hortaz, ibilbideen informazioa eta izena emateko formularioa bere webgunean daude eskuragarri: www.debegesa.eus