Helduentzako ipuin-kontalaria izango da bihar Andretxean Martxoak 8aren barruan
Eibarko Martxoak 8 Lantaldeak antolatutako egitarauaren barruan, bihar “80 amandre” helduentzako ipuina kontatuko du Dorleta Kortazar Alkozenek. Andretxean izango da ekitaldi hori, arratsaldeko 18:30ean hasita, eta haurrendako zaintza-zerbitzua egongo da bertan.
Kortazar eskoriatzarrak dioenez, ipuin horren bueltan, “80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zioen behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, aitzin aroa orainaldiarekin lotzeko. 80 ziren; 20 izan zitezkeen; 4 dira. Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak. Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi zuten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak...”.