Herri txiki, herri maite

Herri txiki, herri maite
2023/02/12 12:26
eta kitto!
Mónica Zanolli Montevideon jaio zen, Uruguaiko hiriburuan. 1.300.000 biztanle inguru ditu, baina Mónicaren ustez, “herri handi bat da”. Hego Amerikako bigarren estatu txikiena da Uruguai eta bere kostaldeak 300 kilometro baino gehiago ditu. “Herrialde irekia da”, bere iritziz. Eta eskuzabala. Izan ere, itsasoaz beste aldetik iritsi ziren Uruguaiko biztanleen arbaso gehienak, Espainiatik eta Italiatik batez ere. “Banuen susmoa, baina gerora konturatu naiz euskaldunek zenbateko eragina izan duten Uruguaiko historian. Kale askok dute euskaldunen izenak, adibidez”, dio bitxikeria bezala. “Jatorri ezberdinetako jendea bizi da Uruguain eta ez dago bizikidetza arazorik. Tamalez, ez dago biztanle autoktonorik. Genozidio handia egon zelako eta ia denak sarraskitu zituztelako”.

 

Diktadura Uruguain

Ezin da esan Hego Amerikako herrialdeen historia lasaia izan denik (ezta orainaldia ere), baina Mónicaren haurtzaroaren urteak, 70. eta 80. hamarkadak, bereziki izan ziren gogorrak. “Diktadura hasi baino urtebete lehenago jaio nintzen, 1972an”, diosku. La Teja langile-auzoan jaio zen, “Antonio Zubillaga kalean”, eta bere aita sindikatu burua zen. “Umea izan arren, beldurra sentitzen nuen”, aitortzen du, “aitaren bila etorriko ziren beldur nintzen”. Hala ere, umeek lortzen zuten egoera grisari kolorea ematea. “Gurasoen etxearen atzean lur-sail erraldoia zegoen eta auzoko ume asko etortzen zen jolastera”, gogoratzen du. Euren gotorlekua zen tiraniaren aurrean. “Sasoi hartan bizitakoagatik hartzen diot itxura txarra orain ‘etxeratze-agindua’, ‘alarma-egoera’ eta horrelako berbei”, diosku.

 

Askatasunezko nerabezaroa

1985ean amaitu zen diktadura Uruguain. “Nerabezaroan sartzen hasia nintzen eta, aitaren eraginarengatik arlo politikoan oso murgilduta negoenez, demaseko sentsazio ona nabaritu nuen demokrazia hasi zenean”, kontatu digu. “Gogortasunak forjatu egiten zaitu”, diosku, eta bizitzak aurrera egin zuen Uruguain. ”17 urterekin lanean hasi nintzen eta letra eta literaturako irakasle eta psikoterapeuta izateko ikasketak egin nituen”, esan digunez. Urte askotan egin du lan Uruguain eta, moduren baten, lanaren erruz etorri da Eibarrera. “Mexikora joan nintzen master bat egitera eta gaur egun nire bikotea dena ezagutu nuen”, azaldu digu. Bikotea eibartarra da (‘El vasco’ Mónicarentzat) eta bere bizitzak bide berri bat hartu zuen.

 

Eibarrera bat-batean

“Uruguain eroso bizi nintzen”, diosku, baina ia egun batetik bestera, “bizitza guztia bi maletatan sartu” eta Atlantikoaren beste aldera bizitzera etorri zen orain dela bi urte. “Lagun batzuek ez zuten nire erabakia ulertu eta txarrera hartu zuten”, esan digunez. “Tira, niri axola zitzaidan iritzi bakarra nire semearena zen eta berak etortzeko animatu zidan”. Semearen onespenarekin etorri zen Eibarrera. “Noski, bikotea Eibarkoa delako etorri naiz, baina pentsatzen dut zerbaitek ekarri nauela, etorri behar nintzela sentitzen nuen”, azaldu digu. “Unibertsoaren esku laga nuen”, eta hemen dugu, pozik. “Semea ondo dago han eta ni bikain hemen. Oso ondo egokitu naiz hemengo bizimodura”, kontatu digunez. 2019ko abenduaren 28an iritsi zen Eibarrera eta sirimiria egiten zuen. “Herria polita da”, esan zion bikoteari. “Tira, horrelako egun batean gustatzen bazaizu, bikain!”, erantzun zion. Maitasun istorioa da Eibar eta Mónicaren artekoa.

 

Uruguai gaur egun

Tamainan txikia izan arren, munduak sarritan begiratu du Uruguaira, askotan eredu bezala hartuz. “Hango hezkuntza publikoa eredugarria izan da eta intelektual asko izan ditu herrialdeak”, bere ustez. “15 urtez gobernu sozialista izateko zortea izan dugu eta klase baxuenek burua atera ahal izan zuten, baina iaz eskuinak irabazi zuen eta urtebetean 15 urtetako lorpenak birrindu ditu”. Orain dela gutxi jaioterrira joateko aukera izan zuen eta bere begiekin baieztatu zuen egoera berria. “Uruguai ez nuen hain pobre ezagutzen”.

 

 

Agárrate Catalina, que vamos a galopar

Gautxoen sasoiko esaldia, gautxoak txinari (emazteari) esaten zion gerrara edo ihesean joan behar zirenean. “Ondo heldu, bihurguneak datoz-eta” esaldia bezala ulertu daiteke