“Hilekoa(k)” erakusketaren aurkezpena egingo da gaur arratsaldean Andretxean
Gaur, barixakua, 18:00etan aurkeztuko dute “Hilekoa(k)”, Ainhoa Aldazabal Gallastegiren erakusketa, Andretxean. Hilekoarekiko gizartean dagoen tabua, patriarkatuaren eraikuntza dela erakustea du helburu erakusketa honek eta baita feminismoaren ikuspegiaz gogoeta egitera gonbidatzea.
Egilearen berbetan, “arte kontsideratu ez diren emakumeen sorkuntzei lekua egin diegu eta, horrela, artelan bihurtu”. Skolastikako kideak hilekoaren inguruan egindako lanak ekainaren 14ra arte egongo dira ikusgai.
Gorputza lapurtu digute. Emakumeon gorputzetan gertatzen dena mendeetan zehar isilarazi egin dutela ohartzeko ez da ikerketa sakon baten beharrik. Erlijio zientzia, medikuntza, historia… sistema beraren hainbat diskurtso tabu bera isilarazteko helburuarekin; emakumeak ikusezinak izan gara eta gara. Literaturan eta artean ere antzera gertatzen da. Mundu maskulinoan ausentzia, tabua, misterioa, gaixotasuna, inpuritatea etab. dira hilekoa deskribatzen duten hitzak.
Beharrezkoa izan da, beraz, mugimendu feministak egin duen ekarpena eta emakumeak literatur eta arte sistemetan integratzea hilekoaren inguruko esperientzia desberdinak jaso ahal izateko.
Hilekoaren gaiaz hitz egiteko dugun desira eta beharra haundia da; literatur genero ugaritan hitz egiten da hilekoaz (saiakera, poesia, autobiografía, haur literaturan, nobela etab.) eta arte disziplina askotako adibideak ditugu (argazkiak, eskulturak, performanceak, ilustrazioak, zeramikak, komikiak…). Autoreak ugariak dira, bakoitza bere proposamen berritzaile eta pertsonalarekin. Hilekoaren irudiz betetako mundu bat osatzeko prest. Pertsonala politikoa baita. Baita gure kuleroetan gertatzen (ez ) dena ere.