Hilerrian egin diren ehorzketak erdira jaitsi dira azken hamarkadan
Ehorzketen eta nitxoen erabilera erdira jaitsi da azken hamarkadan Eibarko hilerrian. Horrela, 2015ean heriotzen %22 bazen, gaur egun %11koa da kopurua, Vanessa Hortas zinegotziak Radio Eibarren azaldu zuen bezala.
Datuek erakusten dutenez, eibartarrek bestelako errituen alde egiten dute (hala nola, errausketa) eta, ondorioz, politikarien artean kanposantua tokiz mugitzeko eztabaida sortu da.
Erdigunean ala kanpoaldean
Radio Eibarren izandako eztabaidan, PSE-ko Vanessa Hortasek hilerria Urkin duen kokapenean jarraitzearen aldeko apostua egin zuen, baina hobekuntzekin. “Goiko aldean sarbideak eta irisgarritasuna hobetu dira hutsik daude beheko nitxoak deskargatzeko helburuarekin”, zinegotziaren berbetan.
Arantza Mata EH Bilduko ordezkaria Hortasekin ados agertu zen. Gainera, alderdi abertzalearekin adostutako akordioa gogoratu zuen eta hobekuntzak gehiago egin behar direla: “Hilerria egoera tamalgarrian dago, irisgarritasun arazoekin eta egiteke daude konponketekin. Abandonu egoeran dago eta PSE-rekin akordio bat dugu, gauzatzea espero duguna”.
Alberto de la Hoz PNV-EAJ alderdiaren ordezkariak hilerria tokiz aldatzearen alde agertu zen eta Debako eta Ermuko hilerriak jarri zituen adibide. “Beste hainbat gauzatarako erabili daitezkeen milaka metro daude hor”, aipatu zuen. Gainera, 1987an PNV-k eta PSE-k osatu zuten Udal Gobernuan aukera hori planteatu zela gogoratu zuen.
Isabel Fernandez Elkarrekin Podemos alderdiko bozeramalea ere iritzi berekoa zen, eta hilerriaren kokalekuan parke bat egin daitekeela proposatu zuen, horretarako denbora beharko dela onartu arren. “Bitartean, ezin dugu hilerria egoera txarrean eduki”, bere hitzetan.