Hodei Ezpeleta, aizkolaria: "Zenbat eta ikusle gehiago, orduan eta erosoago"
- Noiztik zara aizkolari?
Sei bat urte badira. Aurretik, egurrezko aizkorarekin jardun nuen eta, behin hura apurtuta, benetakoekin hasi nintzen.
- Bestelako herri-kirolik egiten duzu?
Ezer ere ez. Ez hori bakarrik; bestelako kirolik ere ez dut egiten. Nahikoa dut aizkorarekin; ez dut bestelako kirolik praktikatzeko beharrik sentitzen.
- Idolorik bai zure ofizioan? Aita, akaso?
Ez dut halakorik. Nire lanean hobetzen joatearekin nahikoa dudala sentitzen dut, baina ez dut inoren eredurik jarraitzen. Aitarekin asko ikasi dut, baina hortik nire idoloa izateraino...
- Zenbat jaialditan izaten zara urtero?
Ez dakit, aitak eramaten duelako hori. Normala denez, uda sasoian askoz gehiago izaten ditugu eta abuztuan, esaterako, sei izan ditut. Hasieran aitaren kontra jarduten nuen batez ere; azken aldian, baina, bestelako neurketetetan ere jarraitu dut.
- Zein lanetan jarduten duzu erosoen? Zer duzu gustoko?
Txanda librean pozik ibiltzen naiz. Baina edozertarako prest nago: gustora jarduten dut edozein lanetan.
- Zelako entrenamenduak egiten dituzu? Zenbat eguneko prestaketak astero?
Pare bat aldiz jarduten dut, eta nekatu arte, 20 minutuko saioetan.
- Egurra aurkitzeko zailtasunik bai? Edo nahikoa duzu inguruan?
Ez dugu arazorik, prestatzeko-eta nahiko egur bildu dugulako. Pagoarena da egokiena eta normalean denok erabiltzen duguna, mozteko gogortasun egokiena ematen digulako. Txopoa eta eukaliptoa ere erabiltzen dira, baina azken hauek ez dute ezpalik askatzen pagoak moduan; kortxo antzerako egurra dute eta aizkorari gehiago kostatzen zaio irtetzea.
- Zelako plazak dituzu gustoko?
Jende asko biltzen dituztenetan gozatzen dut gehien. Zenbat eta animo gehiago jaso, orduan eta gogo handiagoarekin jarduten dut.
- Aitaren bidetik jotzeko asmorik bai: proba luzeekin-eta ahalegintzeko?
Momentuz ez. Luzeegiak iruditzen zaizkit eta nahiago dut gozatu, nire burua estutzea baino. Hala ere, berak jarduten duenean lasai egoten naiz, badakit-eta amaituko duela.
- Etorkizuna hortik bideratu nahi duzu? Prest horri serio heltzeko?
Jarraituko dut. Gozatzen dudan bitartean ez dut arrazoirik ikusten aizkora baztertzeko.