Idoia Areta, argazkilaria: "Kostatuko zait hurrengo bilduma hobea ateratzea"
- Nola sartu zinen argazkilaritzan?
Badira hamaika bat urte Eibartik alde egin eta Granada aldera joan nintzela bizi izatera. Argazkilaritzak betidanik erakarri nau eta han horretan trebatzeko aukera suertatu zitzaidan. Urte biko modulo batean laborategi eta irudi kontuak ikasi nituen eta, egia esan, ikasten emandako denborari etekina atera diot, besteak beste urte pare bat argazkilaritza denda batean, estudioan zein laborategian beharrean jardun dut-eta.
- Zure lehenengo erakusketa da hau?
Eibarren bai, nire lanak lehenengoz erakusten dihardut hemen, baina aurretik beste erakusketa batzuk egin ditut Granadan.
- Nolakoak dira erakusketarako aukeratu dituzun argazkiak?
Granadan bizitzen nengoela, performanceak eskaintzen zituen Freack Factory izeneko taldekoak ezagutu nituen eta kasu gehienetan euren ikuskizunetan hartutako irudiak dira Topalekuan ikusgai ipini ditudanak. Oro har, argazkiarengatik beragatik zein lortutako efektuengatik jendeari gogorrak egiten zaizkiola pentsatzen dut, baina askori gustatu zaizkio eta baten bat saldu ere egin dut.
- Erakusketaren inaugurazioa behintzat berezia izan zen, ezta?
Aurreko zapatuan, arratsaldez zabaldu genuen erakusketa eta, horretarako, Topalekuko leihoaren parean ebakuntzetan inspiratutako performance-a egin genuen zuzenean eta, egia esateko, orduan parean zebilen jendearen arreta erakarri zuen. Ikuskizuna grabatu nuen eta erakusketan proiektatzen dihardut. Horrelako zerbait egiten dudan lehen aldia izan da, baina bideoa nola geratu den asko gustatu zait eta hurrengo bat egiteko irrikitan nago.
- Argazkietan oso efektu ezberdinak lortu dituzu. Zaila da Photoshop moduko programa puntu horretaraino menperatzea?
Ikasten duzunera arte dena izaten da zaila, baina dakitenek esandakoak ondo entzun eta orduak sartuta norbera ere ikasten joaten da. Filtro, textura eta horrelakoak probatzen, efektu bat beste batekin nahastuta-eta, horrela lortu ditut argazkietan ikusten diren emaitzak. Nire azken bildumako argazki hauekin oso gustora nago eta kostatuko zait hurrengo bilduma hobea izatea lortzea.