Idoia Arraiza (Bilgune Feminista): “Autodefentsa emakume moduan bizi ahal izateko tresna da”

Idoia Arraiza (Bilgune Feminista): “Autodefentsa emakume moduan bizi ahal izateko tresna da”
2015/11/16 00:00
eta kitto!

- Zer da eraso sexista bat?
Bereziki emakume izateagatik jasaten ditugun ekintza edo jarrera diskriminatzaileak dira, baina baita feminitate eta maskulinitate eredu hegemonikoetatik ateratzen diren gorputzek jasaten dituztenak ere. Eraso kolpe bat edo ipurdia ukitzea, txiste bat, txantaje bat, begirada edo isilune bat izan daiteke, eta eraso horien helburuak iraintzea, mespretxatzea, barregarri uztea, kontrolatzea edo mintzea izan daitezke. Kontutan hartu behar dugu, eraso edo indarkeria zuzenez gain, indarkeria egiturazkoa eta sinbolikoa ere badaudela eta esparru guztietan ematen direla.

- Nola azalduko zenuke zer den autodefentsa feminista?
Emakume moduan bizi ahal izateko tresna da, bizi-jarrera bat. Indarkeria sexista gure egunerokotasunean jasaten dugula kontutan hartuta, erremintak behar ditugu horri aurre egiteko. Emakume bezala sozializatuak izaterakoan, rol eta gaitasun batzuk garatu ditugu, baina beste batzuk ez eta, autodefentsa feministaren bitartez, ezabatuak izan ditugun gaitasun horiek garatzen ditugu. Gorputza gure tresna nagusia izanda, jarreraren lanketa ezinbestekoa da, eta horrekin batera emozioen eta autoestimuaren lanketa. Jendartean naturalizatuak eta normalizatuak dauden erasoak identifikatzen ikasten dugu autodefentsa feministaren bidez eta horien aurrean erantzun bat emateko norbanako eta kolektiboki garatzeko estrategiak ere bai, noski.

- Zein eduki aurki ditzakegu “Beldurrak jai gurekin! Ekin autodefentsa feministari!” liburuan?
Liburuaren hasiera teorikoa da, indarkeria sexista zer den definitzen du eta autodefentsa feministaren zergatia. Bigarren zatian autoestimu eta emozioen inguruan sakontzen da; erlaxazio ariketa praktikoak eta norberaren hausnarketarako ariketak proposatzen dira. Azken atalak “hamaika eraso, hamabi erantzun” izenburua du eta hor erantzuteko gaitasun eta legitimitatearen inguruan hitz egiten da, autodefentsa feministaren aldarrikapena eta praktikak erakutsiz. Bereziki neska gazteengan pentsatuz idatzi genuen liburua. Euren errealitatea kontutan hartuta, mezu asko bigarren pertsonan daude idatzita, haiengana modu zuzenean iristeko. Gainera, material hau euskaraz plazaratzeari ere garrantzia handia eman diogu.