Iera Larrañaga, Oporrak Bakean: “Haiek gugandik ikasten dute, baina guk ere haiengandik asko ikasten dugu”
Uda iristearekin batera, Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetatik etorritako haur sahararrak Euskal Herriko hainbat herritara iristen dira, ‘Oporrak Bakean’ programaren bidez. Egitasmoari esker, udako hilabeteak baldintza hobeetan igarotzeko aukera dute, eta, aldi berean, harrera-familientzat ere esperientzia aberasgarria izaten da. Iera Larrañaga Eibar eta Elgoibarko programaren arduraduna da, eta duela lau urtetik harrera-familia ere bada. Besteak beste, bere esperientziaz eta Oporrak Bakean egitasmoaren garrantziaz hitz egin dugu berarekin.
Nola hasi zinen Oporrak Bakean programan parte hartzen?
Txikitatik ezagutzen nuen egitasmoa. Deban betidanik etortzen ziren haur sahararrak udan, eta gurasoei askotan esaten nien: «Eta guk noiz ekarriko dugu haur bat?». Garai hartan gure familian ezinezkoa zen.
Urte batzuk geroago, irakasle hasi nintzen. Aldi berean, nire amak erretiroa hartu zuen, eta aukera ikusi nuen ideia berriro mahai gainean jartzeko. Nik bakarrik ezin nuen ardura hartu, baina amarekin eta gainerako senideekin hitz egin nuen, eta denon artean animatu ginen.
Urte haietan Eibarren bazegoen programa koordinatzen zuen elkarte bat. Haien bidez bertako arduradun batekin jarri nintzen harremanetan, eta duela lau urte pausoa ematea erabaki genuen. Ordutik, Abdu etortzen da urtero gure etxera uda pasatzera.
Zenbat haur etortzen dira urtero Debabarrenera?
Azken urteotan, Eibar eta Elgoibar artean hiru haur etorri dira urtero. Nik lehen aldiz parte hartu nuenean, Eibarren bi harrera-familia zeuden eta Elgoibarren bakarra. Gaur egun, ordea, alderantziz da: Eibarren familia bakarra dago, eta Elgoibarren bi gara. Horiez gain, Mutrikun beste bi familiak hartzen dituzte haurrak udan. Beraz, Debabarrenean bost haur etortzen dira urtero Oporrak Bakean programaren bidez. Debagoienean, berriz, gehiago izaten dira.
Lehenik eta behin, argitu behar da saharar herriak ez duela estatu propiorik. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean, milaka sahararrek ihes egin behar izan zuten, eta Aljeriako Tindufeko errefuxiatu-kanpalekuetara jo zuten. Gaur egun ere han bizi dira, duela ia 50 urte hasi zen erbeste egoeran.
Haurrak hainbat arrazoirengatik etortzen dira gurera. Batetik, udan muturreko tenperaturak jasaten dituzte kanpalekuetan, askotan 60 gradutik gorakoak. Bestetik, bizi-baldintzak oso gogorrak dira. Aste honetan bertan ia egunero hitz egin dut haien familiekin, eta kontatu didate eltxo izurrite handia dutela kanpalekuetan.
Normalean oso beldurtuta etortzen dira. Ez dakite nora datozen, ezta zer aurkituko duten ere. Askotan, gainera, familiek ez diete guztia kontatzen, lasaiago etor daitezen.
Lehen urtea bereziki gogorra izaten da. Esperientzia oso polita da, baina egokitzapenak denbora behar du. Hizkuntza ez dute ezagutzen, ohiturak desberdinak dira, eta hasieran oztopo ugari izaten ditugu. Hala ere, pixkanaka dena bere onera etortzen da.
Bigarren urtean, berriz, badakite nora datozen, familia ezagutzen dute eta egokitzapena askoz errazagoa izaten da. Hala ere, horrek ez du esan nahi urtero dena erraza izango denik. Batzuetan, hirugarren edo laugarren urtean ere aztoratuta etor daitezke, eta egokitzapena espero baino zailagoa izan daiteke. Oro har, dena den, hirugarren eta laugarren urteak izaten dira gehien gozatzen dituztenak.
Esperientzia bakoitza, gainera, desberdina da. Familia batzuentzat hasieratik erraza izaten da, eta beste batzuentzat zailagoa. Azkenean, haur bakoitza desberdina da, eta ez dago bi esperientzia berdin. Askotan ahaztu egiten zaigu bi hilabetez beren familia atzean uzten dutela. Guk nekez bidaliko genuke hemengo haur bat bi hilabetez beste herrialde batera, familia ezezagun batekin bizitzera. Horregatik, haientzat ere ez da erraza.
Familia askok zalantzak izaten dituzte harrera-familia izateko. Zer laguntza jasotzen dute?
Egitasmoan parte hartzea erabakitzen duzunean, lehenik prestakuntza-saio bat jasotzen da. Bertan azaltzen digute haurra etxeko beste kide bat bezala tratatu behar dugula: ez dugu gehiegi mimatu behar, baina ezta baztertu ere. Azken batean, etxeko beste edozein haur bezala hartu behar dugu.
“Nire nahia da hau azken urtea izatea eta sahararrek beren lurraldera itzultzeko aukera izatea”
Horrez gain, haurrek herriko udalekuetan, kirol-kanpusetan eta bestelako aisialdi-jardueretan parte hartzen dute. Horietan izena emateko erraztasunak eta laguntzak izaten ditugu, eta horrek asko errazten du egunerokoa. Azkenean, ez gaude eguneko 24 orduetan haurrarekin.
Etxean beste haur batzuk badaude, agian errazagoa izaten da, elkarrekin aritzen direlako. Nik ez daukat seme-alabarik, baina, hala ere, esperientzia erraza egin zait alde horretatik.
Kultura-desberdintasunarekin loturiko anekdotarik gogoratzen duzu?
Bai, nire etxera etortzen den haurrarekin lotutako bat, adibidez. Lehen hilabetean, uztailean, lanean aritzen naizela ikusi zuen, eta galdetu zidan zergatik joaten nintzen lanera. Nik erantzun nion etxea eta janaria ordaindu behar ditudalako. Harrituta geratu zen. Han, askotan, etxea familiak ematen du edo eurek eraikitzen dute, eta ez zuen ulertzen zergatik ordaindu behar nuen nik etxebizitza. Horrelako egoeretan nabaritzen dira kultura-desberdintasunak; haientzat guztiz arrotzak diren gauzak dira.
Zalantzan dauden familiei zer esango zenieke?
Animatzeko. Lehen egunetan laguntzeko hor gaude gu ere. Esperientzia oso polita da, eta denetarik bizitzen da, baina, batez ere, oso aberasgarria da. Haiek gugandik ikasten dute, baina guk ere haiengandik asko ikasten dugu. Gainera, horrelako esperientziek sentsibilizazio handia sortzen dute. Beraz, zalantzan dagoen orori animatzeko esango nioke.
“Esperientzia oso polita da; denetarik bizitzen da, baina oso aberasgarria da”
Harrera-familia izan nahi baina ezin duenak, badu beste modurik laguntzeko?
Bai. Janari eta material bilketak egiten dira, gero kanpalekuetara bidaltzeko. Horrez gain, herriz herri antolatuta dauden elkarteek diru-bilketak ere egiten dituzte, eta funts horiek kanpalekuetan martxan dituzten proiektuak aurrera eramateko erabiltzen dira.
Amaitzeko, zer mezu helarazi nahiko zenieke irakurleei?
Nire nahia da hau azken urtea izatea eta sahararrek beren lurraldera itzultzeko aukera izatea. Hala ez bada, gure laguntza beharko dute aurrerantzean ere.
Era berean, gogorarazi nahiko nuke Espainiako Estatuak izan zituela Saharako lurrak bere administraziopean, eta handik alde egin zuenean Marokok okupatu zituela. Horregatik, uste dut Espainiako Estatuak baduela erantzukizuna auzi honetan, nahiz eta askotan ez den onartu nahi izan.
Horrek guztiak ondorioak ditu gaur egun ere, eta, nire ustez, saharar herriari laguntzen jarraitu behar diogu, bere eskubideak berreskuratu eta bere lurraldera itzultzeko aukera izan dezan.