Ignazio Agirregoikoa eibartarraren omenezko kaleari izena aldatuko diote Estonian

Ignazio Agirregoikoa eibartarraren omenezko kaleari izena aldatuko diote Estonian
2023/11/13 12:59
eta kitto!
Mustvee hirian, Estonian, Ignazio Agirregoikoa Benito eibartarraren omenezko kalea dago. Orain, Ukrainako gerraren harira, herrialde baltikoak Sobietar Batasunarekin zerikusia duten sinboloak kentzen ari dira eta eibartarraren omenezko kaleari izena aldatuko diote.

Ignazio Agirregoikoa Benito Gerrako Umea izan zen eta Sobietar Batasunera joan zen beste 3.000 umerekin batera. Sobietar armadako abiatzailea izan zen (bi garaikur garrantzitsu lortu zituen) eta 1944ko martxoaren 9an, hegaldi batean, Mustveen lurra hartu behar izan zuen hegazkin alemaniar baten tiroak jaso ondoren. Tokiko Guardia Nazionalari (Omakaitse estonieraz) aurre egin ondoren, Agirregoikoak bere buruari tiroa eman zion etsaiek harrapatu aurretik. Horrela, herritarrek Mustveen lurperatu zuten eta herriko beste hilerri batera eraman zuten gero.

Bitxia bada ere, bere omenezko kaleak ‘Benito Agirre’ izena darama, hori egiteaz arduratu zirenek bere izena Benito zela pentsatu zutelako. Era berean, Agirregoikoa abizena laburtu zuten, ahoskatzerakoan sortzen zituen arazoak saihesteko.

 

Sobietar sinboloak kentzen

Ukrainako gerraren harira, Estoniak Sobietar Batasunarekin zerikusia duten sinboloak kentzeko prozesua martxan jarri du, Toponimia Legea deritzona. Orain dela sei hilabete, Madis Kallas Gai Erregionalen eta Nekazaritza Ministroak gutun bat bidali zuen Mestveera, Benito Agirre kalearen izena aldatzeko esanez, “Estoniako historiarekin eta kulturarekin talka egiten duelako”, bere berbetan.

Herriko administrazioak erantzunik igorri ez zuenez, Kallasek esku hartu eta Benito Agirre kalea ordezkatzeko ‘Joesilla tänav’ (ibaiko zubiaren kalea estonieraz) izena erabiltzea proposatu du. Dena dela, herritarrek hilaren 17ra dute edozein izen proposatzeko.

Mustveeko administrazioak ez zuen erantzun, Benito Agirre ez delako benetako pertsona baten izena eta, beraz, ez duelako Toponimia Legea hausten. Horrela, izen horri eusten saiatu dira, baina alferrik. Gainera, beste argudio bat izan da Ignacio Agirregoikoa nazien aurka lehiatu zen euskaldun bat izan zela, Errusiarekin zuen harremana albo batera lagata.