Igor Meltxor: “Funtsezkoa da korrupzio kasuak argitara ateratzea”

Igor Meltxor: “Funtsezkoa da korrupzio kasuak argitara ateratzea”
2016/02/12 17:24
eta kitto!
Igor Meltxor Ortuellako idazlea eta analista politikoa da. Durangoko  Azokarako bi liburu idatzi zituen “Gestion a la Vasca” eta “Caso Bidegi”  eta bietan EAJren korrupzio kasuak aztertu ditu. Bi liburu hauek hilaren 17an  aurkeztuko ditu Arrate Kultur Elkartean, arratsaldeko 19:00etan. Gaiaren inguruko adibideak aztertuz azalduko ditu bi liburuak eta ondoren, mahai-ingura osatuko du publikoaren galderetan oinarrituz.

- Nolakoa da ezkutatzen ahalegintzen direnari buruzko liburu bat argitaratzea?
Lan zaila da, dokumentazio asko bildu behar da, pertsona askorekin elkartu eta batez ere asko entzun. Konplexua da hitz egiteko prest dagoen jendearekin topo egitea, baina beti aurkitzen da zerbait; erregistroak, artxiboak, … Garrantzitsuena ikerketa lana da. Dena dela, liburu hauek niretzat konpromezu bat dira eta beharrezkoak ikusten ditut inpunitatea nagusi den gizarte honetan.

- Zer aurki dezakegu beraz liburuotan?
Alde batetik, “Gestión a la Vasca” liburuan, EAJren kudeaketa aztertzen dut, eta horren barruan, Hiriko kasua edo De Miguel auzia, besteak beste.  Funtsezkoa iruditzen zait kontu hauek argitara ateratzea, zenbait kasutan, komunikabideek informazioa ezkutatzen dutelako euren interesen mesedetan. Adibidez, denok dakigu Castellongo aireportuan hegazkinik ez dabilela, baina badakigu gure Supersur errepidean autorik ez dabilela? Aireportuak 150 milioi euroko kostua izan zuen eta Bizkaiko errepideak 900 milioikoa; 2042. urtera arte bizkaitarrek ez dute zorra ordainduta eukiko eta beste hainbat adibide ere aipatzen ditut liburu honetan. Bestalde “Caso Bidegi: A donde ha ido a parar el dinero?” liburuan, tituluak aditzera ematen duen bezala, Bidegi auziaren inguruko ikerketa egin dut. Politikari eta enpresa eraikitzaileen harremana eta lan egiteko modua azaltzen ditut eta beste gauza batzuen artean, euren artean bidalitako mezu elektronikoak ikusgai jarri ditut.

- Nola erantzuten du jendeak  halako liburuen aurrean?
Mezu asko jasotzen ditut;  animoak, informazio osagarria, kritikak eta baita “abisuak” edo mehatxuak ere. Denetarik dago. Liburuek harrera ona izan dute azokan eta baita sarean ere, jendeak gero eta interes handiagoa erakusten du gai hauen inguruan.