Iker Aranberri idazle eibartarraren ‘Baden Verboten’ poesia-liburua salgai
Dagoeneko salgai dago Iker Aranberri eibartarraren ‘Baden Verboten’ (‘Debekatuta dago bainatzea’, alemanez) poema-liburua. Liburu-dendetan eta Pamielaren webgunean eros daiteke.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Xabier Lete VII. Nazioarteko Poesia Saria irabazi du Aranberrik bere liburuarekin, eta horren berri jakin genuen orain dela sei hilabete inguru (...eta kitto! astekarian Ikerrekin egindako elkarrizketa HEMEN daukazue irakurgai). Sari ekonomikoaz gain, bere lana argitaratuta ikusi du orain Aranberrik.
Sari hau jasotzeak ilusio berezia egin diola esan digu Iker Aranberrik: "Gaztetatik izan dudan amets bat betetzera datorrelako; beti izan dut noizbait liburu bat argitaratzeko ilusio hori eta aparteko poza ematen dit Xabier Lete handiaren izena daraman sariketa bati esker publikatzea nire lehenengo poemarioa. Luis Garde poetak esaten du "oroimena auzolana da" eta iruditzen zait erakunde, argitaletxe eta idazleon arteko lan, edo auzolan, honi esker, Leteren figura, izena, lana eta oroimena bizirik mantentzea lortzen dugula. Sariketak, baita ere, nola ez, idazten eta sortzen jarraitzeko akuilua ere eskaini dit".
Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 3an izango dela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak. Ekitaldia 18:00etan izango da, Santa Teresa Komentuko areto nagusian, Koldo Mitxelena Kulturunearen egungo egoitzan.