“Poesiak esan nahi duzuna modu eder eta ezberdinago batean kontatzeko askatasuna ematen dizu”

IKER ARANBERRI | Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sariaren irabazlea
“Poesiak esan nahi duzuna modu eder eta ezberdinago batean kontatzeko askatasuna ematen dizu”
2024/09/27 11:22
eta kitto!

Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria irabazi du …eta kitto! Euskara Elkarteko lankide ohi Iker Aranberrik ‘Baden Verboten’ izeneko poesia-bildumarekin. Epaimahaikideen berbetan, Aranberriren lanak “heldutasun poetiko harrigarria du, bai edukiari, bai egiturari, bai irudimenari eta hizkuntzari dagokienez”.

Baden Verboten da Iker Aranberriren poesia-bildumaren izenburua eta, azaldu digunez, gai ezberdinak landu arren, guztiek dute lotura bat. Epaimahaikideek ere hori goraipatu dute; besteak beste, eta martxoaren 21ean emango diote saria, Poesiaren Munduko Egunean, 12.000 eurorekin batera. Gainera, “ospe handiko” argitaletxe batek lana argitaratuko du.

(Argazkiak: Baxi Ubeda)

 

‘Baden verboten’ da poesia-bildumaren izenburua. Zein da bere esanahia? Zergatik jarri diozu izenburu hori?

Arrazoi berdinaren bi adierazpiderengatik jarri diot izenburu hori. Alde batetik, Zarautzeko hondartzan urak zikin zeuden toki batean, Udalak bainatzea debekatuta zegoela jakinarazteko seinaleak jartzen zituen hainbat hizkuntzatan, tartean alemanieraz. Askotan paseatzen nuen handik eta alemanieraz jartzen zuenak grazia egiten zidan: Baden verboten. Ez dakit soinuarengatik edo fonetikoki bitxia zelako, baina horrela zen. ”Badakit zerbait alemanez” pentsatzen nuen, baina bitxia da alemanez nekien gauza bakarra debeku agindu bat zela. Beste alde batetik, liburuko gai nagusiari erreferentzia egiten dio. Liburuan askotariko gaiak ukitzen ditut (maitasuna, heriotza, kritika soziala…), poemak ez dabiltza gai bakar baten inguruan dantzan, baina badago gai bat guztietan presente dagoena, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta gai hori oroimina edo nostalgia da. Iraganeko sasoiei, aspaldi ezagututako jendeari, gurekin ez dauden pertsonei… Eta iruditzen zait “Baden verboten” esaldiak, debeku esaldia izanda, gure gaztaroari egiten diola erreferentzia. Gazteen izaera inkonformistari esker debekuak probokazioak izaten dira. Gaztetan, debeku bat baldin badugu, kasurik ez egitea, debeku hori apurtzea eta kontrakoa egitea izaten da joera. Gero, helduak bihurtzen garen heinean, debekuetara, arauetara eta aginduetara gero eta gehiago lerratzen gara. Beraz, gaztarotik helduarora doan iragaite hori islatzen du liburuak. Hau da, nola aldatzen garen, heldutan gaztaroa eta gaztaroko askatasun hori nola faltan botatzen dugun… Gaztaroko izaera inkonformista horretatik heldu arduratsu izatera nola heltzen garen egiten dio erreferentzia izenburuak.

Epaimahaikideek zure lanaren “heldutasun poetikoa” nabarmendu dute. Aspalditik idazten duzu poesia?

Ni neu ere oso oso harrituta geratu naiz epaimahaiaren berba horiekin. Poesiara oso berandu gerturatu naiz, bai irakurle bai idazle moduan. Poesiara lehen gerturatze kontzientea …eta kitto!-ri esker izan zen. 2007. urtearen inguruan bertan negoen erredaktore eta argazkilari lanetan, eta emanaldi batera bidali ninduten argazkiak egitera. Ez nekien zein emanaldi zen eta kasualitatez musikatutako poemen emanaldia zen, bizitzako lehenengoa niretzat. Portalean sartu eta aretoan bi pertsona bakarrik ikusi nituen. Ni nintzen hirugarrena, lanera joan nintzelako. Lana amaitu nuenean emanaldiak aurrera jarraitu zuen, baina hainbeste gustatu zitzaidan ikusten eta bizitzen ari nintzena, emanaldi guztia ikusten gelditu nintzela. Poesiaren mundutik emanaldi horrek hunkitu egin ninduen lehendabizi. Gotzon Barandiaranen ‘Arrakalak’ liburuan oinarritutako emanaldia zen. Gotzonek ‘Katamalo’ liburua idatzi zuen ondoren, Gorka Urbizurekin bira egin zuen eta egundoko eztanda izan zen kulturalki Euskal Herrian. Dena dela, agian inkontzienteki lehenago gerturatu nintzen poesiara, Lorelei taldearen oso zalea izan naizelako. 1997an ‘Bada hiri gorri bat’ diskoa argitaratu zuten eta letrei erreparatzen hasi nintzen, irakurtzen, eta gerora jakin nuen abestiak Asier Serranok idatzitako poema-liburu batean oinarrituta zeudela. Baliteke hori izatea poesiarekin izan nuen lehen harremana. Bestetik, azken urte hauetan poesia irakurri izan dut, baina idazteari dagokionez, liburu honetarako idatzitako lehen poemak 2020an idatzi nituen. Pandemia sasoian eman nion bultzada idazteari eta harrezkero nabil idazten.

Asier Serrano aipatu duzularik, bera eta zu zarete Xabier Lete Poesia sarien palmaresean agertzen diren bi eibartarrak. Poesia harrobia dugu herrian?

Lehiaketa honek 14 urteko ibilbidea du, baina bi urtean behin antolatzen da, eta Asierrek hirugarren edizioan irabazi zuen. Palmaresa ikusita, badut iruzurtiaren sindrome antzeko bat. Hasiberria naiz eta nire izena idazle handi horien artean ikusteak inpresioa ematen dit. Harrobiari dagokionez, ez dakit, uste dut herri guztietan daudela poeta galdua eta ateratzea da falta dena. Nire kasuan orain dela lau urte hasi nintzen poesia idazten, baina ingurukoek orain jakin dute poesia idazten dudala. Ez da hasieratik denei kontatu diedan zerbait eta denentzako sorpresa izan da.

Zergatik ba horrela?

Arrazoi praktiko batengatik: lotsa ematen zidalako. Irakurtzea gauza bat da, baina idaztea… Lanera trenez joaten naiz eta irakurtzen noa, eta berdin zait poesia irakurtzen ari naizela ikustea; baina sortzaile moduan zer egiten dudan galdetzerakoan poesia egiten dudala erantzuteak, ba tira, erreparoa ematen zidan, orain arte ez dudalako ezer argitaratu. Lotsa edo errespetu moduko zerbait ematen zidan poesia egiten nuela esateak.

Egia da gizartea, oro har, prosara gehiago dagoela ohituta, bai irakurtzeko bai idazteko orduan. Poesia idazteko orduan nola egiten duzu? Metrika eta errima batzuek jarraitzen dituzu? Libre egiten duzu?

Ez dut metrikarik edo errimarik jarraitzen. Jendeak badu irudi hori, egitura zurrunak erabili behar direla, errima zehatzak… Baina poesiaren beste aldaera bat da dena libre egitea. Nahi duzun luzerarekin, erregistroarekin, errimekin edo errima gabe. Liburuan errima bat edo beste sartu dut, baina orokorrean errimarik gabeko poesiak dira. Prosa irakurtzera eta idaztera ohituago gaude, eta poesia beti izan da bazterrean gelditu den zerbait. Hain zuzen ere Asier Serranok poesiaren bazterreko izaera hori aldarrikatu izan du. Egunen batean mainstream bilakatzea lortzen badu, bere funtsa edo berezko izaera hori galduko lukeela aipatu izan du.

Epaimahaiak zure idazkera aberatsa ere nabarmendu du. Poesian bereziki hizkuntzaren edertasuna eta estetikak garrantzia berezia du?

Poesiak esan nahi duzuna modu eder eta ezberdinago batean kontatzeko askatasuna ematen dizu. Eta poesiaren aberastasuna hau da, interpretatzeko orduan irakurleari ematen diozun boterea. Intentzio batekin idazten duzu, baina irakurleari askatasuna ematen diozu. Nik buruan badut amaiera bat eta badakit zein bide egin dudan poema horren garapenean, baina pertsona bati poema berdina eman eta A puntutik B puntura iritsi ordez, agian C puntura iritsiko da, eta beste pertsona batek H puntura egingo du bidaia. Are gehiago, pertsona berdinari poema berdina bere bizitzaren sasoi ezberdinetan ematen badiozu, helmuga ezberdinak izango ditu bizi duen momentuaren edo aldartearen arabera. Poesiak joko hori ematen dizu: Idazleak abiapuntu bat ematen du eta ea irakurlea nora iristen den. Horretarako, gauzak ezin dira zehaztasun handiarekin idatzi, baizik eta ez oso modu agerikoan, erdi ezkutuan edo beste hitz batzuekin.

Saria irabazteagatik liburua argitaratu ahal izango duzu. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Ametsa bete dudala iruditzen zait. Betidanik eduki dut liburu bat idazteko ilusioa eta gutxien espero nuena zen poesia liburua argitaratzea. Bestetik, ez nuen uste hau esango nuenik, baina liburua argitaratzeko eta jendearen eskuetara iristeko desiratzen nago. Hasieran erreparoa ematen zidan jendeak irakurtzea, poema hauetan ireki egin naizelako eta nolabait lotsa ematen zidalako, baina orain jendeak irakurtzeko eta bere iritzia jasotzeko gogotsu nago.