Iker Diaz De Cerio, nekazari-teknikaria: "Gure olioaren kultura Eibarren zabaltzen saiatuko naiz"
- Noiz sortu zen Arabar Errioxako Olio eta Olibondoaren Mahaia eta zeintzuk osatzen duzue?
Mahaia pasa den urtean sortu zen, Arabar Errioxako olioa babesteko, garatzeko eta goraipatzeko. Esan beharra dago Mahaiaren estruktura Adostasun Foru batena dela; bertan Eusko Jaularitza, Arabako Foru Aldundia, Arabar Errioxako Kuadrilla, Uaga Sindikatua, Moredako, Oiongo eta Lantziegoko trujalak, ADR, Oleum Proiektua eta ekoizleak daude.
- Zer nolako berezitasunak ditu Arabar Errioxako olioak?
Gure Olioa Arroniz barietatekoa da, monobarietala gehien bat eta Moredan, Lantziegon edo Oionen egindakoa. Goi mailako olioa da, tomate zaporekoa, mikatz puntu interesgarri batekin eta pikantea baita.
- Zenbat oliba-olio ekoizten da Arabar Errioxan?
Joan den urtean 80.000 litro ekoiztu genituen eta horretarako 400.000 kg. oliba erabili ziren. Gure olibak gehien bat Arroniz barietatekoak dira, hala ere badaude arbekina, pikual eta enpeltre barietatekoak ere.
- Nolakoa da olioa sortzeko prozesua?
Garbi izan behar dugu olioa fruta zukua dela. Beraz, ekoizpenaren prozesua oso erreza da: olibak errotara sartzen dira, errotan pasta lortzen dugu, pasta hori batidora batean batzen dugu eta hemendik zentrifuga edo dekanter batetik pasatzen da; leku honetan olioari ura eta zikinkeria kentzen zaizkio. Gero olioa 2-3 hilabetez gordetegi batean gordetzen da azken zinkinkeriak galdu arte.
- Eibarren zer eskainiko diguzu?
Gure olioaren kultura zabaltzen saiatuko naiz. Gainera, olioen artean onak eta txarrak bereizteko tresnak eskainiko dizkiot jendeari. Asko ikasiko dute, eta gainera gure olioa dastatzeko aukera izango dute.