IKER SANZ: “Zailena letra jartzea da, baina izugarri gustatzen zait abestien letrak sortzea eta hitzekin jolastea”

Musika Km0 lehiaketa irabazi ondoren, Ibarkurutzeko Poesia eta Musika Gauan arituko da
2025/05/16 10:53
eta kitto!

Gitarrarekin modu naturalean bat egin duen musikaria da Iker Sanz. Musikarekiko pasioak eraman du gitarra bere kabuz jotzen ikastera, orain pianoarekin ere ausartzen da, eta ahots goxo bezain zintzoarekin oso proposamen musikal erakargarria sortu du. Orain dela gutxira arte lagun eta familia artean geratu dira bere abestiak, baina orain bidea egiten ari dira entzule askoren belarrietan.

Musika Km0 lehiaketan parte hartu zuen 2024ko amaieran eta erantzun ezin hobea jaso zuen, hiru irabazleetako bat izan baitzen, eta Bilboko Campos Eliseos antzokian jotzeko aukera izan zuen. Ekainaren 7an Ibarkurutzen egingo den Poesia eta Musika Gauaren 12. edizioan hartuko du parte.

 

Zein izan zen gitarrarekin eta konposaketarekin izan zenuen lehen harremana?

12 urterekin fraideen eskolan ikasten hasi nintzen eta gitarra jotzeko ohikoak diren lau akordeak irakatsi zizkidaten. Harrezkero, zaletasun hori nire kabuz lantzen eta jorratzen joan naiz. Hasieran beste musikari batzuen kantak jotzen eta abesten hasi nintzen, eta gaur egun abesti propioak sortzen ditut.

Zure kabuz ikasi duzu hori guztia?

Bai, autodidakta izan naiz. Euskararekin ere antzera. Euskaldun berria naiz eta neure kabuz ikasten hasi nintzen, etxean, ‘Bakarka’ metodoaren bitartez. Liburu asko irakurri nituen, ispilu baten aurrean ahoskatzen nuen… Gero, maila igotzeko, Ermuko AEK-ra joan nintzen eta asko lagundu ninduten.

Musikari dagokionez, gaur egun YouTube eta horrelakoen bitartez badaude norbere kabuz ikasteko moduak, baina zure sasoian agian ez. Nola moldatu zinen?

Hasieran irakatsi zizkidaten lau akorde horiekin urte mordoa aritu naiz trebatzen.

Baina lau akorde horiekin noraino iritsi zaitezke?

Edozein tokitara! Ia abesti gehienak lau akorde horiekin jo daitezke, baina egia da batzuetan lau akorde horiekin ez dela nahikoa. Orduan, Internet eta YouTube etorri ziren, eta tutorialekin gauza gehiago eta berriak ikasi ahal izan nituen. Gaur egun pianoa jotzen hasi naiz tutorialen bitartez. Abestien konposaketa batzuk pianoarekin egin ditut. Adibidez, Musika Km0 lehiaketa irabazteko balio izan zidan abestia pianoarekin sortu nuen. Ez daukat pianoa jotzeko ideiarik, baina intuizioz edo, atzamarrak tekletan jarri eta zerbait irteten da.

Baina gauza bat da beste batzuen bertsioak jotzea, eta beste bat abesti propioak sortzea. Nola eman zenuen jauzia?

Pandemia sasoian sortu zen hori. Denbora dezente pasa genuen etxean giltzapetuta eta, egoera horri alde positiboa ikusten saiatuz, denbora aprobetxatzen saiatu nintzen. Etxean espazio berriak sortu ziren eta gauzak egiten probatzeko aprobetxatu nuen. Denbora neraman melodiak eta esaldiak sortzen, eta pandemian pentsatu nuen ea abesti oso bat egiteko gai izango nintzen. Asmatu nuen eta gai nintzela konturatu nintzen.

Nola sortzen dituzu abestiak?

Sarritan edukitzen dut gitarra esku artean eta beti nabil zerbait jotzen. Beraz, melodia asko ditut buruan. Askotan grabatu egiten ditut, momentu inspiratzaile horiek aprobetxatu egin behar direlako. Hortik zerbait ateratzen bada ondo, eta bestela hor gelditzen da. Nire kasuan zailena letra jartzea da, baina izugarri gustatzen zait abestien letrak sortzea eta hitzekin jolastea.

Nolako musika egiten duzu?

Pop-rocka jo izan dut. Orain arte gitarra klasikoa nuen, baina orain dela urtebete gitarra akustikoa erosi eta estiloaren eremua zabaldu egin zitzaidan. Gitarra klasikoarekin mugatua sentitzen nintzen, baina gitarra akustikoarekin espazioa zabaldu egin zait. Gainera, gitarra elektrikoa ere badut. Beraz, pop-rocka topera! Gainera, abestiei bateria doinuak sartzen dizkiet ordenagailuarekin.

Ez duzu talde baten beharrik!

Ezin izango nuke talde batean egon, ez dudalako denborarik. Errazagoa da etxean, denbora dudanean, melodiak sortzea, letrak jartzea, bateria eta baxua gehitzea... Den-dena belarriz egiten dut.

Euskaldun berria zarela aipatu duzu. Euskarazko abestiak sortzen dituzu?

Uff, pila bat gustatuko litzaidake! Urte asko egin ditut euskara ikasten, dena eman dut euskara ikasteko, milaka ordu, eta bideaz asko gozatu dut. Ikaragarri gustatuko litzaidake euskarazko abestiak sortzea eta saiatu naiz, baina zaila egiten zait. Hizkuntza goitik behera menperatu behar dela pentsatzen dut. Euskaraz solasaldi bat eduki dezaket, baina abestiak egitea eta hitzekin jolastea beste gauza bat da. Lizentzia poetikoak oso politak dira, baina ondo jakin behar duzu zertan ari zaren. Agian, zerbait delikatua egiten saiatzen zara eta, ostera, zerbait oso gordina irteten zaizu. Beraz, saiatu naiz, baina momentuz ez naiz oso eroso sentitu. Hori bai, euskarazko abestiak kantatzen ditut: Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin...

Musika Km0 lehiaketako irabazleetako bat izan zara. Nolako esperientzia izan zen?

Izugarri ona! Campos Eliseos antzokiko kupulan jo genuen hiru irabazleok eta oholtzara igotzen nintzen lehen aldia zen. Emaztea eta semeak, arreba eta lagun bat etorri ziren, eta oso ondo sentitu nintzen. Urduri jarriko nintzela banekienez, aurretik lanketa egin nuen esperientziaz gozatu ahal izateko.

Ordura arte zure musika etxekoek eta lagunek entzuten zuten. Nola animatu zinen horrelako lehiaketa batean parte hartzera?

Izena eman baino egun batzuk lehenago zalantzan nengoen oraindik, baina entzuleei nire musika zer iruditzen zaien ikusteko eman nuen pausoa. Ingurukoek esaten didate oso abesti onak direla, baina babesleku horretatik kanpo besteei zer iruditzen zaien jakin nahi nuen.

Antza denez gustatu zitzaien, lehiaketa irabazi zenuen eta. Nola sentitu zara aurkezten zaren lehen lehiaketa irabazita?

Konfiantza eman dit, eta zerbait gehiago egiteko gogoa. Mankomunitatean egiten dut lan, hori da nire ogibidea, baina musika da nire zaletasuna eta zergatik ez gauza gehiago egin eta probatu? Azkenean, bizitzan esperientziak eramaten dituzu zurekin eta esperientzia berrien bila nabil.

Ekainean esperientzia berri bat biziko duzu Poesia eta Musika Gauan.

Maite Lorenzo antolatzaileak gonbidatu nau eta pozik esan diot baietz, esperientzia polita izango da. Bertan zenbait lagunek poesia irakurriko dute eta, ordu eta erdiko ekitaldia izango denez, tartean musika joko dut saioa arintzeko eta aberasteko.

Beste ikuskizunik baduzu agendan?

Momentuz ez. Sare sozialetan abestiak zintzilikatzea pentsatzen ari naiz. Ez dut sare sozialik, WhatsAppa bakarrik erabiltzen dut eta hortik bidaltzen dizkiet abestiak lagunei, eta badakigu mundu digitalean ez bazaude ez zaudela inon ere, eta erren gelditzen zara arlo horretan. YouTuben kontua irekitzea pentsatzen ari naiz.

Eta diskoren bat grabatzeko asmorik?

Jada ez dira diskoak egiten. Orain abesti bat egiten da, handik hilabetera beste bat, eta horrela. Azkar kontsumitzeko gauzak egiten dira. Beraz, abestiak igotzen joango naiz; gainera, denbora behar izaten dut abestiak behar bezala prestatzeko.