IÑAKI ZULOAGA: “Iragana ezkutatzea ez da gure gizartean dauden zauriak sendatzeko modurik onena”
Enpresa eta politika munduan ibilbidea egin ondoren, literaturari eskaini dizkio azken urteak Iñaki Zuloagak. ‘Hijos del Gran Arquitecto’ liburu historikoa, ‘La semilla del Minotauro’ bidaia-liburua eta Xabier Gandiaga detektibearen abenturak kontatzen dituzten ‘Flores de porcelana’ eta ‘La tumba del inglés’ liburuak idatzi ondoren (trilogia amaitzen duen ‘El sillón rojo’ dihardu idazten orain), ‘El veneno de la serpiente’ eleberria kaleratu berri du.
ETAren mehatxua jasotzen duen enpresari baten istorioa kontatzen da Zuloagaren liburuak eta, fikziozko nobela izan arren, benetako gertakizunetan oinarritzen da. Idazleak aitortu digunez, eleberri hau argitaratzeko beharra zuen eta, orain, Gandiaga detektibearen abenturen azken nobela borobiltzear da.
Nolako liburua da ‘El veneno de la serpiente’?
Ahanzkortasunaren aurkako liburua da. Poliki-poliki hemen gertatu dena ahazten ari gara eta euskal gizartean benetako adiskidetza eman barik gainditu nahi da egoera. Izan ere, sasoi horretan gertatutako gauza asko konpondu barik daude. Iragana ezkutatzea ez da gure gizartean dauden zauriak sendatzeko modurik onena. Beraz, liburuan, enpresari baten istorioaren bitartez sasoi bat islatzen saiatu naiz, iraultza-zergaren sasoia. Euskadiko historiaren zatirik gogorrena izan da agian.
Nola islatzen duzu sasoi hori?
Liburuko istorioa 1983. eta 1987. urteen artean kokatzen da, eta sasoi hartan Euskadin bizi zen egoera sozial, ekonomiko eta politikoa azaltzen da bertan. Eleberri eran islatzen dut hori, baina bertan esaten diren gauzak norbaiti benetan gertatu zaizkio. Gauza guztiak ez zaizkio pertsona bakar bati gertatu, baina bai gertatu zaizkiola pertsonaren bati.
Horrelako istorio bat gertutik bizi izan zenuen, ETAk zure aita mehatxatu zuelako, ezta?
Aita Rodisa enpresako gerentea eta akzioduna zen eta, sasoi horretako enpresari gehienek bezala, ETAren gutuna jaso zuen. Etxez aldatu behar izan genuen eta nahiko modu serioan sufritu genuen egoera hura. Bitxia da, baina sasoi hartan gauza hauek normalak iruditzen zitzaizkigun. Liburua idazteko orduan harritu egin naiz egoera hori horrela bizitzeaz eta hemen gertatzen ziren basakeriak ikusteaz.
Zuretzat zer izan da hurbil sentitu duzun istorioa idaztea?
Dagoeneko adin bat daukat eta beti izan dut buruan gai horren inguruan zerbait idaztea, Sebastian Azpiriren erailketa lehen lerroan bizi izan nuelako. Erailketa baino 10 egun lehenago berarekin egon nintzen. Izan ere, Rodisako zuzendari administratiboa eta finantzaria nintzenean, ezker abertzaleko ordezkari bat etorri zitzaidan Sebastian Azpiri lapurretan ari zitzaigula esanez, berak okela hornitzen zigulako enpresako jangelan. Pertsona horri galdetu nion ea horrek guztiak Azpiriren aurka herrian entzuten ziren salaketekin zerikusia zuen, baina ezetz erantzun zidan. Hori entzunda, handik gutxira hiru orduko bilera izan nuen Azpirirekin eta enpresan etorri zitzaidan ordezkariak esandakoa egia ote zen galdetu nion. Azalpenak eman zizkidan eta hainbat gairi buruz egin genuen berba, bera ere ETAren mehatxupean zegoelako. Sasoi hartan Eibarko EAJren idazkaria nintzen eta horren inguruan artikulua idatziko nuela esan nion. Idatzi egin nuen, baina tamalez ohar honekin: “Artikulu hau Sebas Azpiriren erailketaren aurretik idatzi zen”. Gertaera hark hunkitu egin ninduen, berarekin egon nintzenean guztiz abandonatuta, jazarrita eta hondoratuta zegoen pertsona bat ikusi nuelako. Gauza bihurtzen ari ziren pertsona bat zen eta talde armatuek asko egiten duten kontu bat da hori. Izan ere, errazagoa da gauza bat erailtzea pertsona bat baino. Horretarako, gizatasun guztia kentzen zaie langileen eta gazte euskaldunen etsai, edo droga-trafikatzaile bihurtu eta erail ahal izateko. Hori izugarria da. Beti nahi izan dut istorio hori kontatzeko gogoa eta orain izan dut egiteko aukera, eta nobelaren barruan aurkitu daiteke, eleberriaren ardatza izan ez arren.
Idaztea asko kostatu zaizu?
Bai, asko. Sarritan hasi naiz idazten eta askotan laga dut bertan behera. Oraingo honetan, Luis Rodriguez Azpiolea kazetari handiak istorio hau kontatzera eta nobela kutsua ematera animatu ninduen, horrela errazagoa delako istorio dramatikoak kontatzea, karga pertsonala kentzen diolako. Idazketa amaitzean idatzitakoa bidali nion eta sasoi hartako errealitate politikoa ondo islatzen zela erantzun zidan. Beraz, argitaratzea erabaki nuen. Egia da, bestalde, nire idazle ibilbidea aintzat hartuz gero, liburu hau eszepzioa dela.
Argazkia: Diario Vasco