Pakistango errefuxiatuen inguruko erakusketa, Andretxean
Eibarko Andretxeak 'Indusen ibaibideak: Himalaiatik Karatxira. Pakistan, begirada sozial bat' erakusketaren bisita gidatua eskainiko du apirilaren 20an, astelehena, 18:30ean, euskaraz. Igone Mairezkurrena Fernandezek sortutako erakusketa apirilaren 20tik maiatzaren 15era egongo da ikusgai.
Erakusketak Indus ibaiaren ibilbidea hartzen du ardatz, Himalaiatik Arabiako itsasoraino, eta Pakistanen bizi diren pertsonen eguneroko errealitatea erakusten du. Bereziki, aldaketa klimatikoak eta hondamendi naturalek gizartean dituzten ondorioak aztertzen ditu, hala nola pobretzea, indarkeria eta eskubideen galera.
Landa-lanean jasotako testigantza eta irudien bidez, zazpi istorio edo errealitate aurkezten dira. Horri esker, ikusleek Indus ibaiaren arroan bizi direnen egoera gertutik ezagutzeko aukera izango dute, eta ulertzeko nola eragiten duen aldaketa klimatikoak haien bizi-proiektuetan. Era berean, generoarekin, erlijioarekin, etnizitatearekin eta migrazioarekin lotutako desberdintasunak ere jorratzen dira.