Iñigo Izal Azkarate, komikilaria: "Komikiak jendaurrean erakusten ditudan lehen aldia da"
- Noiztik marrazten dituzu komikiak?
Betidanik, bizitza osoan izan dut komikiak marrazteko zaletasuna. Klasean nengoela, apunteak hartzen, hor ibiltzen nintzen marrazkiak egiten, edozein une eta tokitan marrazteko ohitura handia nuen eta oraindik ere horrela jarraitzen dut.
- Hala ere, zuk ez duzu honetan lan egiten, ezta?
Ez. Nire ikasketek eta eguneroko lanak komikiarekin zerikusi gutxi daukate. Izan ere, nik ikerkuntza arloan egiten dut beharra, laborategi batean, beraz hor egiten dudanak ez dauka inolako loturarik marrazkiekin. Egia da, baina, komiki munduan zerbait gehiago egitea gustatuko litzaidakeela. Orain arte batez ere marrazki solteak egin izan ditut, ez dut inoiz istorio edo holakorik sortu. Web orri baterako (www.realytime.com) komikiak marrazten ditut, baina gidoia beste lagun batek, Patricia Sánz-ek egiten du, ideia ere berak izan zuen. Anaiarekin batera bideojoko baterako kolaborazioa ere egin izan dut, alde grafikorako marrazkiak sortzen, baina zerbait gehiago egitea gustatuko litzaidake.
- Zu nafarra izanda, nolatan ailegatu zara Topalekura?
Egia esateko, hauxe da nire lanak erakusten dudan lehen aldia, orain arte ez baitut erakusketa edo holakorik egin. Topalekuko erakusketekin arduratzen den Maite Arriaga ezagutu nuen eta bera bere margoetaz berbetan hasi zen, ni nere komikiez eta berak proposatu zidan nire lana Eibarren erakustea. Horrela, berbetan, tarte bat topatu eta erakusketa antolatu dugu.
- Eta nolako esperientzia izan da?
Aurreko barixakuan, inaugurazioan bizi izandakoa bitxia izan zen niretzat, esperientzia berria, jendeak galdetu egiten zidan ia nola egiten nituen marrazkiak, piskat denetarik…
- Nola ikusten duzu komikiaren mundua gaur egun, gure gizartean? Komikizalea zara?
Nik neuk ez dut komiki larregi irakurtzen, laburrak egiten zaizkit, nahiago ditut eleberri grafikoak komikiak baino. Edozein modutan ere, ez dut uste gure inguruan jarraitzaile asko dituen generoa denik.