Inma Urkiolak Imanol Egidazu handiaren ibilbidea nabarmendu du

Asteburuan Castellonen jokatuko den 20 urtetik azpiko Espainiako Txapelketaren harira, bertan parte hartuko duen Imanol Egidazuren lorpenak gerturatu nahi izan dizkigu Inma Urkiolak
Inma Urkiolak Imanol Egidazu handiaren ibilbidea nabarmendu du
2024/07/24 11:53
eta kitto!

 

 
Eibarko Klub Deportiboko atleta asko pasa dira Inma Urkiola entrenatzailearen eskutik. Eta asko dira ibilbide bikaina egin dutenek bere laguntzari esker. Oraingoan, asteburuan Castellonen jokatuko den 20 urtetik azpiko Espainiako Txapelketaren harira, bertan parte hartuko duen Imanol Egidazuren lorpenak gerturatu nahi izan dizkigu hurrengo idatzian. 

 

Citius- Altius-Fortius

Txikitatik nabarmendu izan da, proba guztietan zen ona. Ez zegoen 3 edo 4 dominarekin itzultzen ez zen txapelketarik. Entrenatzea gustatzen zitzaion, lehiatzea gustatzen zitzaion. Pistan gozatzen zuen, lagun ona zen eta gainditze-irrika horrekin kutsatzen zituen besteak, "gehiago nahi dut" horrekin.

Txikitatik nabarmendu izan da, ez zen konformatzen txapelketa batera joan eta proba bakar batean edo bitan lehiatzearekin, ez zen inoiz nekatzen, eta ez zitzaion gustatzen altuera jauzia eta pisu jaurtiketa ordu berean izatea edota luzera jauzirako neurriak hartzen zegoela 60m-ko lasterketarako deitua izatea.

Txikitatik nabarmendu izan da eta urrea lortu zuen triatloi alebinean eta baita Gipuzkoa eta Euskadiko tetratloi eta pentatloi txapelketa infantilean ere.

Lehiaketa seriotasun gehiago hartzen joan zen eta berak gailentzen jarraitzen zuen. Pertiga jauzia gehitu zen, hesien altuera handitzen joan, jaurtiketarako tresnen pisuak gora egin zuen, lasterketetako distantziak luzeagoak ziren. Txapelketa nazionalak iristean hexatloi, heptatloi eta oktatloian estreinatu zen. 16 eta 18 urtez azpiko Espainiako txapeldun bihurtu zen pista estali eta aire zabalean.

Euskadiko errekorra lortu zuen bi kategorietan eta zerrendan 7355 punturekin 18 urtetik beherako espainiar selekzioarekin Europako txapelketara joan zen 2022an Jerusalemera.

Eta hainbeste gailentzen zen ume hori, dekatleta izatera igaro zen (gogora ekar ditzagun dekatloia osatzen duten probak eta beren ordena: lehenengo eguna 100m, luzera jauzia, pisu jaurtiketa, altuera jauzia eta 400m. Bigarren eguna 110m hesiak, disko jaurtiketa, pertiga jauzia, xabalina jaurtiketa eta 1500m) eta asteburu honetan Castellonen lehiatuko da 20 urtetik beherako Espainiako txapelketan. 7507 punturekin joan da hitzordu honetara, rankingaren buruan eta garai guztietako bigarren marka nazional onena izanik.

Citius-Altius-Fortius. Hau da Imanol Egidazu 

Inma Urkiola