Inoiz baino dantzari eta txistulari gehiago elkartuko dira asteburuan ospatuko den 59. Euskal Jaian
Urtarrilean hasita Errebalen egin duten entsegu bakoitza jai bat izan da: “Euskal Jaiko domeka egun handia izango da, baina aurretik elkarrekin bizi izan ditugun dantza-egunak ere halakoak izan dira; hamar entsegu, hamar festa handi, eta domekan hamaikagarrena”.
Dantzariak dantzarako prestatu diren bezala, txistulariek ere tresnak puntuan jartzeko gonbidapena ondo aprobetxatu dute. Sasoi bateko eta gaur egungoak entsegutan aritu dira aurtengo Euskal Jaian kaleak inoiz baino gehiago txistu soinuz betetzeko. Zapatuko eguerdi partean txistulari talde ederra kalez kale ibiliko da eta, jakina, domekan Euskal Jaiko kalejira nagusian hartuko dute parte.
Iribastik Imotzera
Eibarko dantza taldearen historian garrantzi berezia izan duen errepertorioa hautatu dute elkarrekin lantzeko eta dantzatzeko, Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza bertako protagonista bihurturik. Biak Nafarroako dantzak dira eta biak Donostiako Argia dantzari taldeak bildu eta ezagutzera eman zizkieten Euskal Herri osoko dantza taldeei. 1968. urtean Iribasen Juan Bautista Lasarterekin ikasi zuten ingurutxoa Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik. Argiarekin egiten zituzten emanaldietan Iribasko ingurutxoaren ondotik Imotzeko esku-dantza egiten zuten. Dantza taldeek biak lotuta jaso bazituzten ere, elkarrekin emate hori Urbeltzen eta Arregiren ekarpena izan zen. Horrez gain, Imotzeko esku-dantza bera Argiakoek egindako birsortze lana izan da. Ingurutxoak zein esku-dantzak berehalako arrakasta izan zuten herri askotan, tartean Eibarren: “Horrela, 1974an, Eibarko Klub Deportiboaren 50. urteurrenean, Arraten eskainitako dantza-saioan dantzatu zen. Hor- tik aurrera dantza kuttuna izan da Kezka taldearentzat”. Handik urte batzuetara ere, Eibarko Euskal Jaia ren 50. urteurrenean, Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza Kilimak eta Mugi Panderoa taldeek joko dute gaur Untzagako karpako kontzertuan elkarrekin dantza egitera plazaratu ziren 150 bikote.
Duguna eta Gathubi
Aurten 75 urte betetzen ari den Iruñeko Duguna dantza taldea izango dugu Euskal Jaian dantza-gonbIdatu nagusia. Zapatu arratsaldean Dugunako dantzari gaztetxoek, Eibarkoekin batera, emanaldia eskainiko dute Depor aurrean. Behin domekara helduta, eguerdiko jaialdian Duguna dantza taldeak berak Sanferminetako trokeo-dantzak eta soka-dantza eskainiko ditu. Arratsaldean, bestalde, Dugunako musikariek osatzen duten Gathubi taldeak jarriko du dantzaldiaren musika.
Azoka beti bezain osatua
Euskal Jaiko egitarauaren barruko zapatuko Artisau eta Baserritarren Azokak bost ordu iraungo du, 10:00etatik 15:00ak arte. Toribio Etxebarria kalean Sosola, Loixola, Mandiola Gañekua eta Egotzako baserritarrak egongo dira (ardi eta ahuntz gazta, barazkiak eta ogi ekologikoa saltzen) eta Eibart elkartekoek 16 postu jarriko dituzte hainbat arlotako produktu eta bitxiak saltzeko. Berritasun gisa, aurten Sormen Tallerra ere presente egongo da, Arrate Kultur Elkartearen eskutik.
Jakina, oraingoan ere ez dira faltako herri-kiroletako saioak, Kerman Perez de Heredia, Jon Loiola, Tubi, Zihara Zabala eta Olaia Esnaolaren parte-hartzearekin. Jokin Bergarak eta Eneko Beretxinagak bestelako giroa piztuko dute, Ibon Iza esatariarekin elkarlanean. Eta goiz osoan zehar, Gure Esku Dago ekimenaren eskutik, talo-postua ere han izango da, betiko lez.
Arratsaldeko kale-animazioa Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak gidatuko du, gaueko kantu-afaria bezala, gauaren azkena Jainaga eta Narbaizari lagatzeko.