Institutuko elkartrukeko ikasleak Alemaniara bueltan
Badira zazpi urte Ignazio Zuloaga institutuaren eta Alemaniako Balingen Gymnasium ikastetxearen arteko harremana hasi zela eta, urteek aurrera egin ahala, sendotzen eta finkatzen joan da. Horregatik, jende gutxi harritu da azken egunotan Eibarko kaleetan gazte mordoa batetik bestera ikusi dituenean, are gutxiago alemanieraz berba egiten zutela entzutean. Eta norbaitek astebarruan kalean pasiatzen ziharduten gazte horiek nortzuk ziren galdetuz gero, "Alemaniatik institutura bisitan etorri diren ikasleak" natural-natural erantzungo lukete askok. Izan ere, ikastetxe bien arteko elkartrukeak eskolatik kanporakoei eragiten die zuzen-zuzenean. Hasteko, elkartrukean parte hartzen duten ikasleen guraso, anai-arreba eta beste senideek bisitan etorritako ikasle atzerritarra ahalik eta erosoen egoteko ahalegin berezia egiten dute. Guraso askok erdi-txantxetan erdi-serio dioten moduan, "egun horietan beste seme-alaba bat gehiago izaten dugu etxean, horrek dakarren guztiarekin. Pozik egoteko ahalegintzen gara, adibidez otorduak prestatzeko orduan, ahal dela berari gustatuko zaizkionak aukeratzen-eta. Gainera kontuan izan behar da norberaren seme-alaba guk hemen hartutako ikasle horren etxean hartuko dutela, horregatik harrera ahalik egokien egiteko arreta berezia ipintzen dugu beti. Baina ia konturatu barik, gustora egiten dugu".
Gaur etxera bueltatuko diren Alemaniako ikasleak aurreko zapatuan ailegatu ziren Eibarrera. Urtero lez, hemezortzi bat ordu autobusean bidaiatu eta jarraian, gure herrira ailegatu eta, berehala, institutuan bertan harrera egin eta ongietorria emateko tartea hartu zuten ikasle, irakasle eta guraso eibartarrek. Hortik aurrera agenda bete-betea izan dute bisitan etorritakoek zein bertakoek. Hasteko, eta asteburua tartean izanik, hemengo gazteek aisialdian egiten dituzten gauzak bertatik bertara ezagutzeko eta egiteko aukera izan zuten eta, nola ez, Eibarko giroa ondo baino hobeto barneratzeko aukera ederto aprobetxatu zuten. Eta astebarruan, eibartarrek ikasturteko martxari jarraitu eta egunero klasera joan behar duten arren, alemaniarrek Eibar eta inguruak ezagutzeko hainbat irteera egiteko erabili dituzte ordu horiek. Eguraldi nahiko eskasa egokituta ere, bisitan etorritako 30 bat gazteek hemen igarotako sei egunetan Euskal Herriko tokirik esanguratsuenak ezagutzeko tartea hartu dute eta, besteak beste, Bilbo, Gernika, Lekeitio, Donostia eta Iruñean egon dira.
Beste urte batzuetako esperientziarekin alderatuz gero, aurtengo berritasunik garrantzitsuena bisiten txandetan egon den aldaketa izan da: aurreko urteetan alemaniarrak izan dira lehenak bidaiatzen eta, haiek joan eta aste batzuetara, eibartarrak Alemaniara joaten zitzaizkion bisitan. Baina gaurkoan, agur esateko orduan egoera oso bestelakoa izango da, eibartarrak orain dela aste batzuk, azaroaren 3tik 8ra bitartean egon zirelako elkartruke bidaian eta, beraz, jakin badakitelako lagun berriak berriz ikusteko zain egotea, beste aukerarik ez dutela izango. Hori bai, ez da sekula agur tristerik izaten, elkartrukean parte hartzen duten ikasleek beti dioten moduan, "hizkuntza, ohiturak eta batez ere esperientzia ahaztezinak elkartrukatzea beti aberasgarria izaten delako".