Iraide Ansorena: “Musika Eskolan gauza batzuk hobetu eta berrikuntzak ekarri nahi ditugu”

Iraide Ansorena: “Musika Eskolan gauza batzuk hobetu eta berrikuntzak ekarri nahi ditugu”
2022/06/13 17:03
eta kitto!
Iraide Ansorenak Markos Juaristiren lekukoa hartu du Musika Eskolaren zuzendaritzan, aro berri bati hasiera emanez. Ansorena perkusio irakaslea izan da hemen zenbait urtetan, baina orain kudeaketa kontuekin uztartuko ditu irakasle lanak.

Proiektu eta asmo berriekin hasi du aurten bidea Ansorenak zuzendari bezala. Ikasturtea amaitu berri, irailera begira jarrita daude Musika Eskolan, gero eta eskaintza hobeagoa emateko asmoz. Horrela, matrikulatzeko epea zabalik dago musika egiten ikasi nahi duenarentzat.

 

Zer moduz lehen hilabeteak zuzendari moduan?

Urrian hasi nintzen, baina Markosekin batera trantsizioa egin dugu zuzendaritzan. Gainera, 2020 urteaz geroztik, Musika Eskola patronatua izatetik Udalaren parte izatera pasa da, eta horrek ere aldaketa positiboak ekarri ditu. Adibidez, orain Kultura sailaren barruan gaude eta Udalarekin komunikaziorako bideak errazagoak dira.

Nola iritsi zitzaizun zuzendari izateko aukera?

Perkusio irakaslea nintzen eta, Markos jubilatu behar zenez, sasoi berria etorriko zela ikusten genuen. Norbaitek hartu behar zuen kargua eta, egia esan, aspalditik baneukan gestionatzeko grina hori. Banekien egunen batean horrelako posturen batetan egongo nintzela, baina ez nuen uste hain goiz iritsiko zenik.

Beraz, prest zeunden?

Agian ez kontzienteki, ez behintzat ni zuzendari izango nintzela pentsatuz, baina Musika Eskolan zein gauza egin zitezkeen pentsatzen hasia nintzen. Nahiko prozesu naturala izan da. Izan ere, beste herri batzuetan egin dut lan eta zenbait ekarpen egiteko aukera ikusten nuen.

Nolako ekarpenak? Zein ideia berri gustatuko litzaizuke ezartzea?

Aro berri baten hasieran gaude. Ez bakarrik Markos jubilatzen delako, baita irakasle berriak kontratatu behar ditugulako ere. Aldaketa horrekin gauza batzuk hobetu eta berritasunak ekarri nahi ditugu. Adibidez, irakasgai berriak. Bestetik, musika eskola zabaltzea nahiko genuke. Pandemiarekin eta abar, pixka bat ezkutuan geratu garela pentsatzen dut. Gure egunerokoan gauza ikaragarri politak ikusten ditugu eta erakutsi egin behar ditugula uste dugu. Pandemian, adibidez, hainbat bideo egin nituen sare sozialen bitartez zabaltzeko. Harrezkero YouTubeko kanalean zenbait bideo jarri ditugu eta bide horretan akondu nahi dugu. Eta, azkenik, beste bi proiektu ditugu esku artean, Musika Eskola pertsona nagusiei zabaltzeko asmoz.

Inoiz ez da berandu musika egiten ikasteko?

Lan egin dudan beste herrietan pertsona nagusiekin egin dut lan eta Europan ere egiten da. Musika Eskola ez du umeentzat bakarrik, edozeinek hartu dezake parte. Musikak onura pila bat eskaintzen dizkie pertsona nagusiei.

Pertsona nagusiek musikaren inguruko jakintzak izan behar dituzte edo zerotik hasi daitezke?

Zerotik hasi daitezke. Agian eurentzat zaila izango da piano karrera egitea, baina musikan trebatu daitezke. Dagoeneko badugu 70 urte inguruko ikasleren bat eta berarentzat zoragarria da Musika Eskolako parte izatea.

Nolako metodologia erabiltzen duzue klaseetan?

Irakasle bakoitzak autonomia du klaseak prestatzeko. Horrela, irakasle bakoitza ezberdina denez, bakoitzak bere metodologia du, beti ere araudi baten barruan. Ezberdintasunak ezberdintasun, helburuak antzekoak dira.

Ikasleak noiz arte ibili ahal dira Musika Eskolan? Badago mugarik?

Ez dago eperik. Gainera, musikaren ikasketa etengabea da, ez da amaitzen. Ni neu ikasten nabil oraindik (masterra, egunero instrumentua ikasi...). Ikasle batzuk 20 urte egon dira gurekin, beste batzuk goi-mailako musika ikasketak egitera pasatu dira, beste batzuek ez dute denbora gehiegirik eta DBHn edo unibertsitate sasoian Musika Eskola lagatzen dute... Musikari denbora eskaini behar zaio eta gizarte honetan gero eta denbora gutxiago eta gero eta eskaintza gehiago dago. Denetik dago Musika Eskolan: 70 urte inguruko ikasleak, umeak, guraso izan berri direnak...

Nola moldatzen zarete ezaugarri eta behar ezberdineko ikasleen nahiak asetzeko?

Ikasle bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitzen gara, nahieran. Ez da lan erraza, baina oso aberatsa da. Klaseak banaka ematen ditugu (koroa, musika-hizkuntza... kenduta) eta ikasleen bizitzaren parte bilakatzen gara, asko konektatzen dugulako eta gure artean oso harreman estua sortzen delako.

iraide ansorena