Irene Hernando: “Protagonista diren Eibarko hiru emakume ezberdinekin batera historia kontatzen joango gara”

II. Errepublika oroitzeko Udaletik prestatu duten programazioaren baitan, datorren astean estreinatuko da “Ahotsa(k)” izenburuko ikuskizuna. Irene Hernando aktore eibartarrak sortu eta zuzendu duen lana apirilaren 16an (eguena) taularatuko dute Coliseo antzokian, 19:00etan eta, hurrengo egunean (barixakua, apirilak 17), bigarren emankizun bat eskainiko dute Untzaga plazan, 22:00etan.
Irene Hernando: “Protagonista diren Eibarko hiru emakume ezberdinekin batera historia kontatzen joango gara”
2026/04/10 11:38
Silbia Hernandez Arrazola

Nolakoa izan da 'Ahotsa(k)' ikuskizunaren sorkuntza-lana? 
Ahotsa(k) ikuskizunak Indalezio Ojangurenek 1933an atera zuen argazkia, emakume eibartarrek lehenengoz bozkatu zuteneko argazki ezaguna dauka oinarri bezala. Hortik abiatuta istorio bat sortu dut. Eibarko hiru emakume ezberdin izango dira protagonista, eta eurekin batera 1931tik 1933ra bitarteko historia, garai hori bakoitzak nola bizi izan zuen kontatzen joango gara. Eta hortik gaur egungo hausnarketa batera egingo dugu salto. Egia da gauzak asko hobetu direla emakumeen bizitzetan, baina ezin gara erlaxatu. 

Ikuskizuna %100 eibartarra da, ezta? 
Bai, eibartarrak diren hiru aktore profesional izango dira protagonista: Andrea Covadonga, Irati Sampayo eta Rita Martin, eta ni neu ere bertan arituko naiz. Lan honen dramaturgia eta zuzendaritza nireak dira. Musikan Quico Puges eta beste hainbat musikari izan ditugu, honi kolorea ematen. Koreografiak Kaxa, Os Galaicos eta Kezka dantza taldeek sortu dituzte. Eta zuzenean abesten arituko diren ahots batzuk ere badaude, Eibarko abesbatza ezberdinetatik etorritako emakumeen ahotsak, hain zuzen ere. 

Eibartarra eta feminista. 
Partaideen %98 emakumeak gara, bai. Nahita egindako hautua izan da. Ondo legoke %100a emakumeak izatea, baina jakinda gaia zein den, eta hausnarketa zein den ikusita, gizon batzuk sostengu moduan behar izan ditugu, batez ere musikan. Aktore bezala gizon bakarra, Gorka Errasti arituko da, eta berak egingo ditu gizon guztien paperak.