Irundik Baionara egingo dute 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra
BERRIAko Irati Urdalleta Lete kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Gaur aurkeztu dute datorren urteko Korrika. Harro herri izango da leloa, eta Azterketak Euskaraz taldea omenduko dute.
Tipi-tapa tipi-tapa, badator Korrika. 23. Korrikak baditu irteera eta helmuga, datak, leloa eta omendua. Hain zuzen, gaur aurkeztu dituzte datorren urteko Korrikaren xehetasun batzuk Korrikaren arduradun Ane Elordik eta AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakari Aitziber Balantzategik, Donostian egin duten agerraldian. Argazki jendetsua ere atera dute, «euskal komunitatearen indarra eta harrotasuna erakusteko».
Oraindik ez dute jakinarazi ibilbide osoa, baina aurreratu dituzte abiapuntua eta helmuga zein herritan izango duen: Irunen (Gipuzkoa) abiatuko da euskararen aldeko egitasmoa, datorren urteko martxoaren 14an, eta Baionan amaituko da, hamar gau eta 11 egun geroago, martxoaren 24an. Halaber, jakinarazi dutenez, azken herri horretan, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurtzearekin batera, egun osoko jaia izango da bertaratzen direnentzat.
Leloaren eta omenduaren berri ere eman dute. Harro herri da datorren aldirako aukeratu duten leloa. Baina zergatik? Hala azaldu dute aurkezpen ekitaldian: «Aurreko aldiko parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula».
Halere, Balantzategik eskatu du harrotasun hori ez nahasteko «konformismoarekin». Eta erakundeei erreparatu die bereziki. Nabarmendu du euskararen normalizazioan «ardura garrantzitsua» dutela: «Herritarren ahaleginarekin batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte». Bitartean, AEK-ko ordezkariek azpimarratu dute Korrikan jasotako dirua Euskal Herri osoan euskara normalizatzera bideratuko dutela.
Azterketak Euskaraz
Datorren Korrikak badu omendua ere: Azterketak Euskaraz. Horrela, baxoa eta brebeta euskaraz pasatu ahal izateko Ipar Euskal Herriko gazte horiek egindako borroka aitortu asmo dute. Hala goretsi du Elordik: «Gazte hauek, beren ikasketen garai oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakinda». Gainera, Korrikak eskainitako aukera euren aldarriaren bozgorailu izatea nahi dute.