Irune Jaio: “Marka-irudi berriarekin, Klub Deportiboak duen handitasun guztia ikusiko dugu orain”
Logotipoak, serigrafiak, aldizkarien maketazioa, ilustrazioak... mota askotako sorkuntzak irteten dira Irune Jaio eibartarraren eskuetatik. Arlo grafikoan artisautza lana egiten abila da Jaio eta, era berean, maisuki aritzen da arlo digitalean egindako sorkuntzetan. Egunotan, gainera, argia ikusi dute bere sorkuntzetako batzuk.
Joan den astean bete zuen mendeurrena Eibarko Klub Deportiboak. Hilabete batzuk lehenago, logotipo berria aurkeztu zuten eta orain bere irudi berriak. Irune Jaiok egin du lanketa hori. Bestalde, urtarrilean Pikara aldizkariak urtekaria aurkeztu zuen Andretxean eta bertan izan zen diseinatzaile eibartarra, berak egin baitu haren maketazioa.
Nolako lanketa egin duzu Klub Deportiboaren irudiarekin bere mendeurrena dela eta?
Aurten mendeurrena betetzen dutenez, Deporrekoek ikusten zuten materiala argitaratu behar zutela, merchandisinga, eta abar. Deporra aterki bat da eta batzorde asko daude barruan, eta arazoa zen ez zela ikusten Deporrek duen egitura guztia edo, behintzat, kaletik ez zela hori sumatzen. Beraz, hori guztia bateratzen eta material amankomun bat sortzen saiatu gara mendeurrenari begira. Momentu batean arazo batekin egin genuen topo: Deporren logotipo zaharrak zailtasunak ematen zituen horren barruan batzordeak irudikatzeko orduan. Logotipoak oso ondo bete du bere funtzioa, oso ezaguterraza da eta gure memorian oso txertatuta dago, baina gauza berriak egiteko orduan mugak zituen (eraikuntza aldetik, erremate asko zituen...). Orduan, ukitu behar zen lehen gauza logotipoa zela planteatu genuenean, Deporreko jende batek ez zuen espero, lotura berezia zutelako logotipoarekin, baina azkenean euren artean berba egin eta logotipoari berrikuntza eman behar zitzaiola onartu zuten.
Nola planteatu zenuten berrikuntza hori?
Lana Miren Bengoarekin egin dut eta aukera ezberdinak proposatu genituen. Batetik, apurketa totala. Guretzat aukera errazena zen, zerotik hasi ahal ginelako, baina aukera hori baztertu egin zuten, eta Deporren logotipo zaharrari beste bizitza bat emateko ardura geratu zitzaigun. Orduan, sintetizaziora jotzea erabaki genuen, logotipoa sinplifikatzera, modekin eta denborekin harremana duten aldaketa guztiak txertatzea askoz errazagoa izango zelakoan. Beraz, logotipoa biluztu genuen, moduren batean, eta Deporren logotipo zaharrarekin lotura duen irudi aktualagoa sortu dugu.
Logotipo berria sortzeaz gain, bestelako zein sorkuntza egin dituzue Deporrentzat?
Logotipo horretatik hasita, estilo liburua landu dugu. Bertan, logotipoaren aplikazioa nola egin, kolore paleta, tipografiak, kartelgintzarako plantillak, merchandisinga... Logotipotik lau elementu geometriko atera genituen (gurutzea, borobila, borobil erdia eta marra), eta hortik abiatu gara Deporreko batzordeen irudi ekosistema sortzeko. Horrek askatasuna eman digu. Batzordeen ekintzei begira nahiko modu literalean diseinatutako irudiak dira, baina modu berdintsuan dago dena eraikita, eta hartzaileak osotasun edo uniformitate bat sumatzen du. Deporri botere hori guztia proiektatzea falta zitzaion, irudi aldetik batzorde bakoitza autonomoa zela zirudielako (ahal izan duten moduan egin dute, ariketa hori ez baitute lehenago egin), eta modu horretan lortu dugu. Deporren handitasun guztia ikusiko dugu orain.
Mendeurrena betetzen duen kluba izanik, herrikoa gainera, nolako ardura sentitu duzue?
Hasieran izutu egin ginen, duen tamaina ere ez genuelako kalkulatu. Proposamena iritsi zitzaigunean bertigo barik egin genion aurre, baina pertsona asko daude ordezkatuta Deporren barruan, askok ibilbide luzea egin dute Deporren edota batzordeen markei lotuta, lotura handia dute horiekiko, eta iritzi, adin eta profil ezberdinetako jende asko dago. Beraz, hori guztia bateratzea lana izan da, baita ardura ere, eta pertsona batzuren lana gakoa izan da elkarte barrutik dena bideratzeko. Horrek lana asko erraztu digu. Uste dut, hasierako shock-az haratago, irudi berriak oso harrera ona izan duela klubaren barruan. Beraz, oso pozik nago.
Urkok zeresana eman zuen Deporren mendeurrenaren ospakizunetan eta, hain zuzen ere, Urkoren eta Arrateren ilustrazio bereziak egin dituzu.
Deporren mendeurrenaren inguruan oroigarriak emateko bi irudi sortzea pentsatu genuen eta Urkoren irudia egitea hasieratik irten zen. Markaren beste tentakulu bat izan da ilustrazio horiek sortzea. Joan den asteko Urkoko ekintza oso potentea iruditu zitzaidan eta oso harremanduta dago ilustrazioarekin.
Hemendik urte amaierara arte sorkuntza berri gehiago ikusiko ditugu Deporren mendeurrenaren inguruan?
Orain Deporreko batzordeen jantziak argitaratuko ditugu. Horretarako, batzorde bakoitzarekin egin dugu lanketa, euren behar teknikoetara egokituz. Gero, nik merchandisingarekin egin dut gehiago lan eta, zentzu horretan, kalerako arropa aterako dugu.
Diseinatzaile moduan, orokorrean, zurea den estilo bati jarraitzen diozu edo bezeroen beharretara moldatzen zara erabat?
Estilo propioa dudala uste dut. Ez da horretaz ni jabetu naizelako, baizik eta kanpotik esan didatelako. “Hau argi dago zuk egin duzula” eta horrelakoak esan didate, gehienbat sortzerako orduan libre uzten didatenean. Gustatuko litzaidakeena baino gehiago errekonozitzen dira nire lanak. Konfort-zona batean sartzen gara funtzionatzen duten gauzak egiten eta hortik irtetea kostatu egiten da. Mugimenduan egon behar garela uste dut. Bestetik, aurretik nuen beste proiektu batean marka-irudia asko landu genuen eta marka-irudia bezeroari eta batez ere hartzaileari egokitu behar zaio, hirugarren hartzaile horri. Gauzak estetikoki eta funtzionalki ondo daudela uste duzun moduan egiten dituzu, baina hor bai izaten naiz hotzagoa nire estilo propioa ipintzeko orduan.
Dena dela, moda eta joera berriak iristen dira etengabe, eta horiek ere eragingo dute, ezta?
Bai. Hasierako lanak gaur egungoekin alderatuz gero, ikusten da bilakaera bat egon dela. Dena dela, collagea ez dut nire sorkuntzetatik askatzen. Eroso sentitzen naiz teknika horrekin eta berau lantzen jarraitzen dut. Gustatzen zait argazkiekin lan egitea.
Adimen Artifizialaren (AA) boom-a bizi dugu azken urteotan. Nola eragiten du edo eragin dezake horrek zuen lanbidean?
Oraindik ez dut AA-ren eragina igarri nire lanbidean, baina agian ez naiz oso kontziente zer sortzen den AA-ren bitartez eta zer ez. Oraindik pertsonak ikusten ditut gure lanbidearen ardatzean. Agian batzuek txertatu dituzte AA-eko erremintak euren jardunean. Ostera, ni nahiko analogikoa naiz, oso erromantikoa zentzu horretan, eta teknologiak atzera egiten dit. Agian nik lau ordu behar ditut gauza bat egiteko eta beste batek ordu erdi (barreak), baina ez naiz horretaz jabetzen. Pentsatzen dut azkenean pertsonek egingo dutela diferentzia, bestela emaitza oso antzekoak lortuko direlako horrelako tresnak erabilita. Hau da, pertsonek emango diogu balio erantsia. Pertsonalki, ez dakit niri nola eragingo didan profesionalki. Egia ere bada gero eta gehiago nabilela proiektu militanteetan parte hartzen eta nire norabidea horrantz nahi dudala bideratu. Horrelako proiektuetan pentsatzen dut gauza horiek zaindu egingo direla. Hau da, ez dela produktibitatea edo emaitza azkar bat begiratuko, baizik eta lan-taldea eta ekarpen pertsonalak, adibidez.
Adibidez, Pikara aldizkariarekin diharduzu lanean eta Andretxean aurkeztu zen urtekaria maketatu duzu, besteak beste. Nolako lana egiten ari zara eurekin?
Orain dela urtebete inguru, maketatzaile bila zebiltzala eta, deialdia egin zuten, eta neure burua aurkeztu nuen. Aldizkariaren harpidea naiz, oso lerrokatuta nago euren ideiekin eta fantasia moduan irudikatu dut beti eurekin lan egitea. Oso proiektu potentea da, bai feminismotik bai kazetaritza ona egitetik. Aukeratu egin ninduten eta diseinatzaile moduan nabil eurekin lanean.