Iruñean gertatu den hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin da
Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deiarekin bat eginez, atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zen Untzaga plazan, Iruñeko Sanduzelai auzoan balkoi batetik behera erorita hildako 37 urteko emakumearen hilketa matxista salatzeko. Mugimendu feministatik adierazi dutenez, “guk ez dugu inolako zalantzarik, Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da”. Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako hirugarren emakumea da Sanduzelaikoa; azken bi hilketak hamar egunen buruan egin dira.
Euskal Herriko eta Eibarko mugimendu feministatik adierazi dutenez, gertatutakoaren aurrean “mina eta amorrua” sentitzen dute, “eta, nola ez, senide eta lagunei gure maitasun eta babes osoa adierazi nahi diegu”. Mobilizazioa Eraso matxistarik ez! Aski da! goiburupean egin zen eta, bertan adierazi zutenez, “indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu, eta guk ez diogu hori salatzeari utziko. Autolaguntza eta autodefentsa feminista dira gure armarik indartsuenak”.
