Isabel Bolinaga: “Euren seme-alabak Eibarrera ekartzen jarraituko nuela zin egin nien”

Isabel Bolinaga: “Euren seme-alabak Eibarrera ekartzen jarraituko nuela zin egin nien”
2016/02/26 12:32
eta kitto!
Saharako umeak euren etxeetan hartzeko prest dauden familien kopuruak behera egin du azken urteetan, eta Eibar-Sahara elkarteak dei egin die eibartar guztiei Saharako umeak hartzeko. Iaz 3 ume etorri ziren Eibarrera, eta horietako bat, Mariam, Isabel Bolinagaren etxean egon zen. Neskatxoaren aurretik, Abdu bere neba izan zuten 4 urte jarraian. Isabelek harreman estua dauka Mariamen familiarekin, bi aldiz egon da bisitan Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan, eta Abdu eta Mariamen familiari laguntzen jarraitzeko asmoa dauka.

– Udan Mariam izan zenuten etxean, eta aurretik Abdu bere neba ekarri zenuten. Zelako harremana daukazue?
Abdu 9 urterekin hasi zen etortzen eta 12 urtera arte egon zen. Adin horretatik aurrera ezin dira etorri, zeure poltsikotik ordaintzeko eta ekartzeko prest egon arren. Bere arreba, Mariam, joan den udan etorri zen lehenengoz: 10 urte egingo ditu aurten eta esperientzia oso ona izan da. Aurtengo udan berriro etorriko da. Nire semealabak nagusiak dira eta orain bilobak ditut. Nire semea oraindik etxean bizi zenean etorri zen Abdu lehenengoz. Orain  16 urte ditu eta berarekin harreman estua izaten jarraitzen dut telefonoz eta whatsapp bitartez.

– Tindufeko kanpamenduetara joateko aukera izan duzu eta ondo ezagutzen duzu hango egoera.
Abdu ekarri genuen lehenengo urtean joan nintzen lehen aldiz Tindufeko kanpamenduetara nire semea eta ahizparekin. Joan den abenduan, hemengo bakarra nintzenez, Gallartako Sahararen aldeko elkartekoekin  batera joan nintzen. Abdu eta Mariamen etxean egoteaz gain, kolaboratzaile bezala ibili naiz Gallartakoekin.  28 orduko bidaia gogorra egin genuen. Aurten abioiaren prezioak asko igo dira eta Loiutik irten beharrean, autobusez Madrilera joan ginen, handik Argeliara abioiez, aeroportua aldatu eta handik Tindufeko kanpamenduetara. Hegazkinak laguntza humanitarioz bete-beteta joaten dira, eta honek dena gehiago geldiarazten du. Gallartakoek premia handia dutenei dirua ematera joaten dira, ur depositoa egiteko, frigorikoak erosteko, komun bat egiteko... Hurrengo urtean bueltatu egiten dira ikusteko aportazioen bitartez  edo jaietan txosnak jartzen bildutako diru hori ondo aprobetxatu den. Aurten 16-17 urteko gaztetxoak ere joan dira, eta benetan harrituta gelditu dira, euren begien bitartez ikusi baitute, premia handiak izan arren, hangoak daukatenarekin zoriontsu bizi direla. Hara joan izan garenean, den-dena daukate emateko. Oraingoan, uholdeen ondorioz, ia dena apurtuta aurkitu dut. Asko etxe gabe gelditu dira.
– Nola animatuko zenuke Eibarko jendea Saharako umeak ekartzera?
Niretzat oso esperientzia ona da. Beti izan dut gogoa, eta taberna utzi nuenean hasi nintzen Abdu ekartzen. Eurendako dena da desberdina. Hemengo umeak baino infantilagoak dira, han ez daukate hemengoek daukaten guztia (telebista oso gutxi ikusten dute, ordenagailurik eta horrelakorik ez dituzte...). Gauza normalak egiten ditugu (hondartzara, oporretara...) eta goizeetan Ermuan beste haur sahararrekin elkartzen dira jarduerak egiteko. Haurrendako oso onuragarria da udako beroalditik ihes egiteko aukera izatea. Oso gustora egoten dira.         Joaten direnean hutsunea sentitzen duzu, baina oso pozik bueltatzen direnez, ni ere gustora gelditzen naiz. Abdu ekarri genuen lehenengo urtean bisitan joan nintzenean familiari esan nion, ahal nuen bitartean, euren umeak ekartzen jarraituko nuela. Beraz, Mariam etorri ondoren familiko txikiena ekarriko dut.